Eduki publikatzailea

Atzealdea ZUMARRAGAK MENDIZABAL POLIGONOKO BERRURBANIZAZIOAREN 10. FASEARI EKIN DIO

Zumarragako Udalak eremuko irisgarritasuna hobetuko du eta azpiegitura publikoak berrituko ditu

2026·06·22


Zumarragako Udalak ekainaren 22an hasi ditu Mendizabal Poligonoko berrurbanizazioaren 10. faseari dagozkion obrak. Jarduketa honek 743.011,51 euroko inbertsioa izango du guztira, eta bizitegi-ingurune honen modernizazioan eta hobekuntzan aurrera egiten jarraitzea ahalbidetuko du. Lanek, aurreikuspenen arabera, 2026ko abendura arte iraungo dute, eta irisgarritasuna hobetzeaz gain, oinarrizko azpiegiturak berritu eta azken urteetan antzemandako hainbat arazo konpontzeko balioko dute. Obra Lurkide Hondalanak S.L. enpresari esleitu zaio.

Esku-hartzearen helburu nagusietako bat 8. eta 17. atarien arteko eremua indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen irisgarritasun-irizpideetara egokitzea da. Horretarako, arrapalak eta eskailera irisgarriak eraikiko dira, auzoko gune ezberdinen arteko mugikortasuna eta lotura erraztuz.

Irisgarritasuna hobetzearekin batera, obraren beste helburu nagusietako bat kanpoko gainazalen iragazgaiztasuna ahal den neurrian hobetzea izango da, hainbat erkidegotako sotoetan gertatzen diren ur-iragazketak murrizteko. Horretarako, espaloiak eta zoladurak altxatuko dira, gaur egungo iragazgaizte-geruzak berritzeko. Bereziki azpimarratzekoa da 8. atariko plazan egingo den jarduketa; izan ere, plaza berrantolatuko da urak kanpora bideratu ahal izateko, ihesak sor ditzaketen barneko hustubiderik erabili gabe.

Obrak aprobetxatuz, funtsezko azpiegitura publikoak ere berrituko dira, hala nola edateko uraren hornidura-sarea, saneamendu-sarea eta argiteria publikoa.

Era berean, 10. faseak eremuaren berritze eta hobekuntza estetiko garrantzitsua ere aurreikusten du. Egungo baldosa guztiak ordezkatuko dira, eta parkearen inguruko plaza asfaltatuaren erdi-biran hormigoi garbitua erabiliko da, berdeguneekin integrazio hobea lortzeko. Parkea berrasfaltatuko da, eta farolen zimenduak lurperatuko dira haurren segurtasuna handitzeko. Halaber, eremuan dagoen hiri-altzari guztia berrituko da (bankuak, paperontziak, piknik-mahaiak eta abar).

Gainera, goiko aldeko zuhaitz-eremua berrantolatuko da eta eraikinen inguruan lorategi berriak sortuko dira; horri esker, gaur egungo berdeguneek eragiten dituzten ur-iragazketak murriztu ahal izango dira.

“Gure herritarren bizi-kalitatea hobetzeko urrats sendoak ematen jarraitzen dugu. Mendizabalen fase berri honek auzoaren benetako beharrei erantzuten die, hala nola irisgarritasunari, segurtasunari edo ur-iragazketen arazoei; aldi berean, espazio publikoak modernizatu eta egungo beharretara egokitzen ditu”, adierazi du Zumarragako alkate Mikel Serranok.

Alkateak azpimarratu du, gainera, jarduketa hau azken urteotan Mendizabal Poligonoan garatzen ari den etengabeko hobekuntza-prozesuaren parte dela. “Mendizabalen eraldaketa epe luzeko proiektua da, eta fasez fase gauzatzen ari gara. Esku-hartze bakoitzak hobekuntza nabarmena dakar auzotarrentzat, eta bizitzeko ingurune irisgarriago, jasangarriago eta atseginago bat lortzeko helburura hurbiltzen gaitu”, gaineratu du.

Bestalde, obra-plana bi multzo handitan garatuko da. Lehen fase batean garaje-sotoei eragiten ez dieten eremuetan jardungo da. Lanak gune horietan hasiko dira, ez baitago obrek eragin ditzaketen afekziorik. Horrela, lehen eraispen-lanak parkearen inguruko erdi-biran egingo dira, bertan ez baitago sotorrik.

Garaje-sotoak dituzten eraikinen gaineko eremuetan aurreikusitako lanak, aldiz, geroago hasiko dira. Horren aurretik, notario aurrean sotoen eta fatxaden egoeraren ikuskapena egingo da, obrek eragin ditzaketen elementuen egungo egoeraren berri jasota uzteko eta, ondoren, lanak amaitutakoan duten egoerarekin alderatu ahal izateko.

10 faseak jarraipena ematen dio Mendizabalen aurreko urteetan hasitako berrurbanizazio-prozesuari. 2021ean 9. fasea eta 2023an 4. fasea gauzatu ondoren, Udalak bere konpromisoari eusten dio bizitegi-eremu hau pixkanaka hobetzen jarraitzeko, hiri-berroneratzea, irisgarritasuna