Eduki publikatzailea
Atzealdea ZUMARRAGAK MIKEL TORRES LEHENDAKARIORDEARI ETA ARANTXA NIÑO LANBIDEKO ZUZENDARIA HARTU DITU ENPLEGU ETA PRESTAKUNTZA PROIEKTUAREN DIPLOMA BANAKETAN
2026·04·13

Zumarragako Udalak gaur goizean egin du hiri-mantentze lanetako operarioen prestakuntza eta enplegu proiektu integralaren promozio berriari diplomak emateko ekitaldia, eta bertan izan dira Mikel Torres Lorenzo, Eusko Jaurlaritzako lehendakariordea eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburua, eta Arantxa Niño Núñez, Lanbideko Enplegu eta Prestakuntzako zuzendaria.
Bi ordezkari instituzionalek Zumarragako alkate Mikel Serranorekin eta programan parte hartu duten pertsonekin batera parte hartu dute ekitaldian, eta udalerrian lan-aukerak hobetzeko tresna eraginkor gisa sendotu den ekimen hau balioan jarri dute.
Ekitaldian zehar, Mikel Torres lehendakariordeak bereziki azpimarratu du Zumarraga erreferente bihurtu dela enplegagarritasuna sustatzeko eta gizarte- eta lan-inklusioa bultzatzeko proiektuetan. Nabarmendu duenez, udalerrian garatzen diren ekimenak askotan adibide gisa erabiltzen dira politika aktiboen esparruan, beste lurralde batzuetan ere eredugarri direlako.
Proiektu hau Zumarragako errealitate sozial eta ekonomikoari erantzuteko sortu da; eraldaketa prozesuan dagoen udalerria da, eta erronka garrantzitsuak ditu aurrean, hala nola biztanleriaren zahartzea, belaunaldi-erreleboaren beharra edo langabezia-tasa Gipuzkoako eta Euskal Autonomia Erkidegoko batez bestekoa baino handiagoa izatea. Gainera, enplegua bilatzen duten pertsonen zati handi batek kualifikazio maila baxua edo oso baxua du, eta horrek zaildu egiten du lan-merkatuan sartzea.
Egoera horren aurrean, Zumarragako Udalak, UGLE Eskola, UGGASA eta Burdinaren Industriako Langileen Fundazioarekin lankidetzan, prestakuntza teknikoa, laguntza pertsonalizatua eta benetako lan-esperientzia uztartzen dituen proiektu integral hau bultzatu du.
Edizio bakoitzean zortzi pertsonak hartzen dute parte, igeltserotza lanetan trebatzeko aukera izanik, lan-orientazio jarraitua jasoz eta, ondoren, sei hilabetez udaleko kanpo zerbitzuetako brigadan lanean arituz. Gaur diplomak jaso dituzten pertsonek martxoaren 27an amaitu zuten prestakuntza eta dagoeneko lanean hasi dira.
Promozio honekin, lau edizio egin dira guztira, eta 32 pertsonak hartu dute parte; horiei esker, gaitasun profesionalak hobetu eta enplegagarritasuna handitu dute, tokiko ehun ekonomikoaren beharrei ere erantzunez.
Inbertsioari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak, Lanbideren bidez, 510.500 euro bideratu ditu azken lau urteetan programara, eta Zumarragako Udalak 83.936 euroko ekarpena egin du, enplegu politika aktiboekiko konpromisoa indartuz.
Testuinguru honetan, Udalak beste urrats bat eman du enpleguaren sustapenean, Zumarraga Berrikusi aplikazioan “Enplegua” izeneko atal berria txertatuz. Tresna honen bidez, herritarrei lan-aukerak hurbildu eta aukera desberdinak ezagutaraziko dira, informazioa modu errazean eta eskuragarrian eskainiz.
Udalak nabarmendu nahi izan du Eusko Jaurlaritzaren babesa, Lanbideren bitartez azken lau urteotan programa hau finantzatu baitu, baita udalaren konpromisoa ere, pertsonak erdigunean jartzen dituzten enplegu politika aktiboak garatzen jarraitzeko.
Ekimen honen balorazioa oso positiboa da; izan ere, helburu bikoitza lortzen laguntzen du: aukera gutxien dituzten pertsonen lan-aukerak hobetzea eta, aldi berean, lan-eskaera handiena duten sektoreek profesional prestatuagoak izatea. Azken batean, Zumarragaren etorkizunaren aldeko apustua da, prestakuntza, enplegua eta herritarrenganako hurbiltasuna oinarri hartuta.

