Eduki publikatzailea
Atzealdea ZUMARRAGAK MINIGARBIGUNEAK ESTREINATU DITU HONDAKIN TXIKIAK ERRAZAGO BIRZIKLATZEKO
2025·02·21
Gaur goizean, Zumarragako alkate Mikel Serranok, Sasieta Mankomunitateko kudeatzaile Iñaki Erauskinekin batera, Zumarragako Udalak martxan jarri duen minigarbigunen zerbitzu berria aurkeztu du, hondakin txikien birziklatzea errazteko. Edukiontzi berri horiek udalerriko bi gune estrategikotan daude instalatuta, eta hondakin espezifikoak garbigune bateraino mugitu gabe uzteko aukera ematen dute. Horrela, herritarren erosotasuna hobetzen da eta birziklapen eskuragarriagoa eta eraginkorragoa sustatzen da. Aurkezpen ekitaldia Zelai Ariztin egin dute 12:00etan, eta ondoren eremu horretako minigarbigunera bisita egin dute, funtzionamendua eta erabilgarritasuna gertutik ezagutzeko.
Birziklapenean bilakaera positiboa Zumarragak azken urteetan birziklapenaren alorrean oso bilakaera positiboa izan du. 2016an, %39koa zen birziklatze tasa; 2024a ixterakoan, berriz, %78ra iritsi da, Europako helburuen oso gainetik –2025erako %55 ezartzen dute, 2030erako %60 eta 2035erako %65–. Hazkunde horrek udalerriak jasangarritasunarekin eta hondakinen kudeaketa zuzenarekin duen konpromisoa erakusten du, Udalaren, erakunde kudeatzaileen eta herritarren arteko ahalegin bateratuaren emaitza.
Minigarbigunen kokapenak Zumarragan Minigarbiguneak Iparragirre hiribideko 12. zenbakian, Zelai Arizti aldean, lehen Legazpi kaleko edukiontziak egon ziren lekuan erdi-oinezkoentzat egiteko jarduerak egiten ziren bitarten, eta Izazpi kaleko 1. zenbakian, ospitaleko aldapan, farmaziaren ondoan instalatu dira. Kokapen estrategiko horiekin, herritarrei birziklatze sistema berri horretarako sarbide erosoa eta gertukoa eskaini nahi zaie.
Sasieta Mankomunitateak bultzatu du bilketa-sistema berri hori, Gipuzkoako Foru Aldundiko Iraunkortasun Sailaren laguntzarekin. Sistema horren helburua udalerrian hondakinen kudeaketa erraztea, eta hondakin horiek zabor orokorrera iristea edo bide publikoan uztea saihestea da. Minigarbiguneek, leku estrategikoetan kokatuta daudenez eta erraz irits daitekeenez, aukera erosoa eskaintzen diete herritarrei modu arduratsuan birziklatzeko.
Zumarragak 43 birziklatze-gune ditu hondakinak uzteko, baita bi birziklagune ere, Aginagarako bidearen sarreran eta San Kristobalerako bidearen sarreran. Horiei esker, eguneroko bost hondakin-mota ohikoenak bereizten dira. Beste hondakin batzuentzako edukiontzi bereziak ere baditu, hala nola, olioa, pilak, kafe kapsulak edo ehungintza. Orain, sistema hori minigarbiguneekin indartzen da, lehen garbiguneetan bakarrik utz zitezkeen zazpi hondakin-mota bereiztea errazten baitute.
Zumarragako birziklapenak oso bilakaera positiboa izan du azken urteetan. 2016an, %39koa zen birziklatze tasa; 2024an, berriz, %78ra iritsi da, eta datu horrek aise gainditzen ditu Europak datozen urteetarako ezarritako helburuak (%55 2025ean, %60 2030ean eta %65 2035ean). 2017an, aurrerapauso handia egin zen; izan ere, urte bakar batean, bilketa-sistema berri bat ezarri zen, edukiontzi berdea kenduz, edukiontzi grisa errefusarentzat gehituz eta hura eta organikoarena erabiltzeko txartel-sistema bat ezarriz. Horri esker, birziklatze-tasa % 69raino igo zen urtebetean. Neurri horiek nabarmen hobetu zuten hondakinen kudeaketa, eta onura nabarmenak ekarri zizkieten herritarrei, gizarteari eta ingurumenari. Ordutik, birziklatze tasak gora egiten jarraitu du pixkanaka, Zumarraga birziklatze datu onenak dituzten udalerrien artean kokatuz.
Bere hitzaldian Iñaki Erauskinek nabarmendu duenez, “Zumarraga birziklatze tasa altuenen artean dago eta beste udalerri askoren inbidia da”. Horrez gain, aurten ere “Jokatu garbi” kanpainarekin jarraituko dutela gogorarazi du, hondakinak behar bezala kudeatzeak eta dagozkien puntuetan uzteak duen garrantziaz herritarrak kontzientziatzen jarraitzeko helburuarekin.
Mikel Serrano Zumarragako alkateak zerbitzu berri honen garrantzia azpimarratu du, “Zumarragak jasangarritasunean eta herritarrentzako zerbitzuen hobekuntzan aurrera egiten jarraitzen du. Minigarbigun horiek instalatzea urrats bat gehiago da birziklatze irisgarriago eta eraginkorrago baten alde egiten dugun apustuan”. Gainera, auzotar guztiak zoriondu eta eskertu nahi izan ditu inplikazioagatik: “Herritarren kontzientzia eta konpromisoa funtsezkoakizaten ari dira haien laguntzarik gabe ezinezkoak liratekeen emaitzak lortzeko”.
Zer hondakin bota daitezke? Edukiontzi gorri horiei esker, zazpi hondakin-mota birzokla daitezke, bereizita biltzeko sistemarik ez zutenak:
•Aparatu elektrikoak eta elektronikoak: etxetresna elektriko txikiak, hala nola txigorgailuak, irabiagailuak edo ile-lehorgailuak.
•Informatika eta telekomunikazioak: saguak, teklatuak, kargagailuak, telefonoak eta tabletak.
•Ontziak ez diren metalak: metalezko sukaldeko tresnak, hala nola zartaginak, mahai-tresnak edo kazolak.
•Ontziak ez diren plastikoak: esekigailuak, ontziak, sukaldeko ontziak edo jardinerak.
•Etxeko inprimagailuetan erabilitako tinta- eta toner-kartutxoak.
•Antzinako erradiografiak.
•Bonbillak eta fluoreszenteak.
Zumarragako Udalak herritar guztiak animatu nahi ditu zerbitzu berri hau erabiltzera, ingurumena babesten eta gure ingurunea zaintzen laguntzeko. Gogoratu, gainera, edukiontzi hauetan sartu ezin diren hondakinak Beasain, Ordizia edo Urretxuko garbiguneetara eraman behar direla.
Zumarraga jasangarriago baten alde lanean jarraitzen dugu. Eskerrik asko birziklatzen laguntzeagatik!