Eduki publikatzailea
Atzealdea ZUMARRAGAK TENPERATURA ALTUEI AURRE EGITEKO PREBENTZIO- ETA ERANTZUN-NEURRIAK INDARTU DITU
2026·07·28

Zumarragako Udalak eta Gurutze Gorriak tenperatura altuko aldiei aurre egiteko aurreikusitako neurriak aurkeztu dituzte gaur goizean. Prentsaurrekoan Mikel Serrano Zumarragako alkateak eta Oier Mujica Gurutze Gorriko ordezkariak hartu dute parte, eta jarduketa-ildo nagusiak eta udalerrian eskuragarri dauden baliabideak azaldu dituzte.
Bero-boladak eta tenperatura bereziki altuko uneak bata bestearen atzetik gertatzen ari direnez, gero eta beharrezkoagoa da aurrea hartzea eta erantzun koordinatua ezartzea. Horregatik, Udalak Gurutze Gorriarekin batera lan egin du egoera horietan jarraituko diren neurriak eta urratsak antolatzen dituen jarduketa-gida bat prestatzeko.
Gurutze Gorria zaintzaren arloarekin eta egoera zaurgarrienean dauden pertsonen arretarekin lotura estua duen gizarte-eragilea da, eta arlo horretan duen esperientzia dago lankidetza honen oinarrian. Helburua udalaren erantzuteko gaitasuna indartzea, jarduketak koordinatzea eta beroaren ondorioak intentsitate handiagoz jasan ditzaketen pertsonei arreta berezia eskaintzea da, besteak beste, adinekoei, haurrei, haurdun dauden emakumeei eta gaixotasun kronikoak dituzten pertsonei.
Aurkezpenean herritarren artean zabalduko den informazio-liburuxka berria ere aurkeztu da. Materialak tenperatura altuen ondorioak prebenitzeko, arrisku-egoerak antzemateko eta nola jokatu jakiteko gomendio errazak jasotzen ditu. Ekimen honen bidez, Udalak informazio argia eta praktikoa eskaini nahi du, eta, aldi berean, prebentzioa eta zaintza komunitarioa sustatu.
Triptikoa
Mikel Serranok gero eta ohikoagoak eta biziagoak diren beroaldietarako prestatzearen garrantzia azpimarratu du: “Lehentasuna pertsonak zaintzea da, bereziki egoera zaurgarriagoan egon daitezkeenak. Gida honek aukera ematen digu aurrea hartzeko, udalaren erantzuna antolatzeko eta Gurutze Gorriaren esperientzia eta ezagutza dituen eragile batekin elkarlanean jarduteko”.
Alkateak gogorarazi du, halaber, ekimen hau Udalak azken urteotan Zumarraga klima-aldaketaren ondorioetara egokitzeko egiten ari den lanari gehitzen zaiola. Beroaren aurreko prebentzioa eta hiri-eremu erosoagoak sortzea gero eta gehiago hartzen dira kontuan udal-jarduketetan, bai espazio publikoaren plangintzan eta hobekuntzan, bai informazio- eta sentsibilizazio-lanetan.
Testuinguru horretan, Zumarragak klima-babeslekuen sare bat du. Sare hori bero handiko egunetan itzala, atsedena eta baldintza egokiagoak eskaintzen dituzten berdeguneek eta bestelako espazioek osatzen dute. Tenperaturak igotzen direnean, leku horiek herritarrek babesteko eta freskatzeko erabil ditzaketen gertuko baliabideak dira.
Era berean, tenperatura altuengatiko abisuak aktibatzen diren bakoitzean, Udalak dagozkion prebentzio-gomendioak zabaltzen ditu, Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroarekin elkarlanean. Jarduketa-gida berriak eta aurkeztutako informazio-liburuxkak lan hori indartzea, koordinazioa hobetzea eta herritarrei beren osasuna babesteko jarraibide erabilgarriak eskuratzeko aukera ematea ahalbidetuko dute.
Zumarragako Udalak Gurutze Gorriarekin eta inplikatutako gainerako eragileekin elkarlanean jarraituko du, udalaren erantzuna egoera bakoitzaren beharretara egokitzeko. Prebentzioa, informazioa eta komunitatearen lankidetza izango dira tenperatura altuen ondorioei aurre egiteko eta herritar guztien ongizatea zaintzeko ardatz nagusiak.
Zumarragako klima-babeslekuak:
- Zelai Arizti parkea
- San Isidroko zubietako lorategiak
- Izazpi parkea eta kantxa
- Argixaotik gertu dagoen lorategia
- Antonino Oraáko lorategia
- Legazpi dorreko lorategia
- Legazpi multzoko lorategiak
- Secundino Esnaola parkea
- Ibaiondo pasealekua
- Etxeberriko bidegorria
- Ospitalearen atzealdeko lorategia
- Azoka
- Jubilatuen etxea
- Udaletxeko arkupeak
- Parrokiako arkupeak
- Eitzagako gune berdea

