Eduki publikatzailea

Atzealdea ZUMARRAGAK UROLAKO GELTOKI ZAHARRA BERRESKURATZEN JARRAITZEN DU, HAREN MENDEURRENEKO URTEAN

Udalak obra bisita egin du, erabilera sozial eta komunitario berrietarako berreskuratuko den eraikin historikoaren lanen egungo egoera ezagutzeko

2026·05·08


Zumarragako Udalak obra bisita egin du gaur goizean Urolako geltoki zaharrera. Herriaren historiari eta sustraiei lotutako eraikin enblematiko horrek mendeurrena betetzen du aurten. Bisitan Mikel Serrano Zumarragako alkateak, udaleko arkitekto Xabier Rezabalek eta Arzanegi Arquitectura taldeko obra zuzendaritzako kide Diego Arzandegui eta Iratx Olabarriak hartu dute parte.

Obrek aurreikusitako epeen barruan jarraitzen dute eta Zumarragako balio historiko eta sinboliko handienetako bat berreskuratzea ahalbidetuko dute, gaur egungo gizarte eta komunitate beharrizanei egokituz. Proiektuak, gainera, Udalaren apustu estrategikoa islatzen du tokiko ondare historikoa zaindu eta herritarren zerbitzura dagoen espazio erabilgarri eta hurbil bihurtzeko.

Orain arte, barne eraispen lanak, zimendatze lanak, saneamendua, egitura indartzea eta egituren exekuzioa burutu dira. Gaur egun, lanak lursailaren barruko urbanizazioan eta ingurunearen egokitzapenean ari dira aurrera egiten. Gainera, eraikinaren ibai aldera ematen duen atzeko aldean gune berde atsegin bat sortuko da, herriguneko klima babesleku gisa ere funtzionatuko duena. Orain arte, 700.390,71 euroko obra ziurtagiria egin da.

Urolako geltoki zaharraren birgaitzeak erabilera sozial eta komunitario desberdinak hartuko dituen eraikina sortzea ahalbidetuko du, herritarren arreta eta zerbitzuak indartzeko helburuarekin. Besteak beste, erabilera anitzeko areto bat egokituko da bilerak eta jarduera sozialak egiteko. Bertan izango du egoitza Emakumeen Etxeak eta, aldi berean, Geltokietako auzoko jai batzordeak bilerak egiteko eta bere jarduera koordinatzeko espazioa izango du, inguruko dinamizazio sozialarekin jarraitzeko aukera emanez.

Era berean, eraikinak Familia Elkargunea, , eskualde mailan eta eskualdetik harago ere zerbitzua eskainiko duen baliabidea, eta ZU Mugituz zerbitzurako espazioak hartuko ditu. Azken hori Zumarragako Udalak bultzatutako doako orientazio kiroleko zerbitzua da, herritarren artean bizi ohitura osasungarriak sustatzeko eta sedentarismoari aurre egiteko, pertsona bakoitzari egokitutako aholkularitza eskainiz.

Bestalde, udaleko ongizate emozionalarekin eta arreta sozialarekin lotutako hainbat zerbitzu ere bertan eskainiko dira, gaur egun Gizarte Zerbitzuek kudeatzen dituzten baliabide askori jarraipena emanez. Horrela, Udalak ongizate emozionalarekin, inklusioarekin eta gertuko arreta sozialarekin duen konpromisoa indartzen jarraituko du, dagoeneko martxan jarritako ekimenen bidetik, hala nola gazteei arreta psikologiko profesionala eskuratzen laguntzeko programa pilotuarekin.

“Zumarragako Urolako geltokia berreskuratzeko eta lursailaren barruko urbanizazioa egiteko exekuzio proiektuak” 1.761.458,76 euroko aurrekontua du guztira, BEZa barne.

Jarduketa garrantzitsu hau gauzatu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzak 1.400.000 euroko dirulaguntza emango du, eta gainontzeko inbertsioa Zumarragako Udalak hartuko du bere gain.

Obren exekuzioa Construcciones Artzamendi S.A. enpresaren esku dago, eta proiektuaren idazketa eta obra zuzendaritza Arzanegi Arquitectura S.L.P. estudioaren ardura dira.

Udalak azpimarratu nahi izan du esku hartze honen garrantzia; izan ere, Zumarragarentzat balio historiko handia duen eraikin bat bere mendeurreneko urtean berreskuratu eta biziberritzea ahalbidetuko du, herritarren egungo beharretara egokitutako espazio ireki eta erabilgarri bihurtuz.