Eduki publikatzailea
Atzealdea ZUMARRAGAK “ZU MUGITUZ” ZERBITZUA JARRI DU MARTXAN, BIZITZA OSASUNTSUAGOA ETA MUGIMENDUAN DAGOENA SUSTATZEKO
2025·05·09
ZUMARRAGAK “ZU MUGITUZ” ZERBITZUA JARRI DU MARTXAN, BIZITZA OSASUNTSUAGOA ETA MUGIMENDUAN DAGOENA SUSTATZEKO
Ekimena Zelai Ariztin aurkeztu da osasun eta kirol arloko ordezkari instituzionalen parte-hartzearekin, herritarrentzako jarduera fisikoa sustatzeko asmoz.
Zumarragak urrats sendoa eman du bizimodu aktiboago baten alde, maiatzaren 14an martxan jarriko baitu ZU Mugituz orientazio zerbitzua. Ekimen honen helburua herritarren artean jarduera fisikoa sustatzea da, batez ere jarduera gutxiko pertsonentzat zuzendutako banakako eta doako zerbitzu baten bidez, Osasunaren Mundu Erakundearen gomendioak oinarri hartuta.
Programaren aurkezpena Zelai Arizti kultur etxean egin zen, eta bertan izan ziren Mikel Serrano Aperribay Zumarragako alkatea, Eusko Jaurlaritza, Osakidetza, Athlon kooperatiba eta udaleko teknikariak. Hainbat ordezkari elkartu ziren: Joseba Angulo (Zumarragako kirol teknikaria), Arantxa Uranga Fraiz (Eusko Jaurlaritzako Osasuna Sustatzeko Unitateko teknikaria), Malen Ruiz de Azúa (Mugimenteko idazkaritza teknikoa), Aurora Valdivielso eta Wladimir Carassa (Goierri–Urola Garaiko ESIko ordezkariak), Maialen Alkorta (Athlon kooperatibakoa) eta Anje Eskarza (zerbitzua koordinatuko duen jarduera fisikoko teknikaria).
Proiektua Mugiment Gipuzkoa estrategiaren barruan kokatzen da eta ikuspegi komunitario argia du. ZU Mugituz, geroz eta azkarragoa baina paradoxikoki sedentarioagoa den gizarte honetan, bizitza aktibo eta osasuntsu bat bultzatzeko beharrari erantzunez sortu da. “Gaur egun, badira jarduera fisikoa oso profesionalizatutako edo eskuraerrazak ez diren inguruneekin gero eta gehiago lotzen joan dela sentitzen dutenak. Ekimen honekin, pertzepzio horrekin apurtu nahi dugu. Ariketa fisikoa egitea guztion eskura egon beharko litzateke, adina, egoera fisikoa edo baliabide ekonomikoak kontuan hartu gabe. Garrantzitsuena ez da nola edo non egiten den, baizik eta mugitzea, zaintzea eta hobeto sentitzea” adierazi du Mikel Serrrano alkateak.
Zerbitzua herriko hainbat espaziotan eskainiko da, Anje Eskarza teknikariaren ardurapean, honako ordutegi hauetan:
Asteazkena
• 14:00-16:00 Gure Txoko gizarte etxean.
• 16:00-18:00 Ispilla kiroldegian.
Ostirala
• 9:00-11:00 Osasun Etxean.
• 11:00-13:00 El Salvador Gizarte Etxean.
ZU Mugituz zerbitzuak lau fase izango ditu: hasierako elkarrizketa, pertsona bakoitzaren profila, beharrak eta motibazioak ezagutzeko; banakako edo taldeko jarduera-proposamena, udalerrian dauden baliabideekin; jarraipen pertsonalizatua eta motibaziozkoa; eta lortutako lorpenen ebaluazioa.
Orientazio pertsonalizatuez gain, ibilaldiak, osasun-tailerrak, indarra lantzeko entrenamendu-saioak eta beste jarduera osagarri batzuk antolatuko dira, bizimodu aktiboa modu integralean sustatzeko.
Datozen asteetan, aurkezpenak egingo dira tokiko elkarte eta kolektiboen aurrean, komunitatea inplikatzeko eta ekimenaren ikuspegi kolaboratiboa sendotzeko.
Zumarragako Udaletik proiektu hau posible egin duten erakunde eta eragile guztien inplikazioa eskertu nahi dugu, eta herritar guztiak parte hartzera animatzen ditugu. ZU Mugituz ez da zerbitzu bat soilik: urrats sendoa da Zumarraga osasuntsuago, aktiboago eta kohesionatuago baterantz.