Eduki publikatzailea

Atzealdea ZUMARRAGAKO 23. ZUHAITZ AUTOKTONOEN BANAKETA

Udalak 2.500 euro bideratu ditu aurten landa eremuko biodibertsitatea eta garapen iraunkorra sustatzeko, eta 12.895 zuhaitz landatu dira dagoeneko ekimenaren ibilbidean.

2026·03·06


Zumarragako Udalak, Nekazaritza Batzordearen bitartez, bertako zuhaitz espezieen landaketa sustatzen jarraitzen du. Aurtengoa ekimen honen 23. edizioa da, eta aurten ere diru-partida bat ireki da landare autoktonoen erosketa diruz laguntzeko.

2026ko kanpainan, 2.500 euroko aurrekontua bideratu da, eta 10 baserritarrek eta Landalur jabeek egin dute eskaria. Guztira 112 zuhaitz banatu dira, honako espezie hauetakoak:

  • Haritza (Roble): 19 ale
  • Pagoa (Haya): 40 ale
  • Intxaurrondoa (Nogal) “Frankete” injertatua: 30 ale
  • Gaztainondoa (Castaño): 23 ale

Landareen hornitzailea Gabiriako IKERLORA izan da.

Ekimenaren ibilbidea bera ere azpimarratzekoa da. Orain arte, Zumarragan 12.895 zuhaitz autoktono landatu dira programa honen bidez. Lehen urtean 9 izan ziren eskatzaileak, eta kopuruak gorantz egin zuen urtez urte, 2012an 22 eskatzaile izatera iritsi arte. Aurtengo 10 eskaerekin, guztira 310 eskaera metatu dira martxan jarri zenetik, eta horrek erakusten du ekimenak urte hauetan guztietan izan duen jarraikortasuna eta konpromisoa.

Ekintza honen bidez, Udalak pinua ez diren espezieen landaketa bultzatu nahi du gure mendietan, biodibertsitatea indartuz eta paisaia aberastuz. Jakina da hazkunde azkarreko espezieek errentagarritasun ekonomiko handiagoa eskaintzen dietela baserritarrei; hala ere, Udalaren apustua, pausoz pauso, gure mendietan aniztasuna handitzea eta etorkizun jasangarriago baten alde egitea da.

Banatutako zuhaitzek ez dute berehala mendien itxura erabat aldatuko, baina pauso txiki bakoitza garrantzitsua da. Helburua ez da soilik landaketa bera, baizik eta kontzientziazioa sustatzea eta belaunaldi berrientzat ingurune orekatuago eta iraunkorragoa bermatzea.

Ekintza honekin eta antzeko beste batzuekin, Zumarragako Udalak landa eremuko garapen iraunkorraren aldeko apustua berresten du, gure ingurunea zaindu eta balioan jartzea herritarren ongizaterako funtsezkoa dela ulertuta.