Eduki publikatzailea

Atzealdea ZUMARRAGAKO ADINEKOEN V. ASTEAN ARTISAUTZA ETA ANTZINAKO ARGAZKIEN ERAKUSKETAN PARTE HARTZEKO DEIALDIA

Adineko Pertsonen Kontseiluak elkarteak, kolektiboak eta herritarrak gonbidatu ditu beren eskulanak, artisautza-lanak eta herriko antzinako argazkiak erakustera. Izena emateko epea uztailaren 15era arte egongo da zabalik

2026·06·07


Zumarragako Adineko Pertsonen Kontseiluak herriko elkarte, kolektibo eta herritar guztiak gonbidatu ditu Adinekoen V. Astearen barruan egingo den artisautza, eskulan eta antzinako argazkien erakusketan parte hartzera. Parte hartu nahi dutenek uztailaren 15a baino lehen eman beharko dute izena, espazioaren antolaketa eta logistika behar bezala prestatzeko. Izena ematerakoan, beharrezkoa den materiala eskatzeko aukera ere izango dute.

Ekimen honen helburua da Zumarragako adinekoen talentua, sormena eta gaitasunak balioan jartzea, beren lanak erakutsi eta esperientziak partekatzeko gune bat eskainiz. Aldi berean, elkarteen arteko harremanak sendotzea eta udalerriko bizitza sozial eta kulturala aberastea ere bilatzen du.

Erakusketa irailaren 25ean egingo da Azokan, Adinekoen V. Astearen programazioaren barruan. Aurtengo edizioa irailaren 24tik urriaren 1era bitartean ospatuko da, Adinekoen Nazioarteko Egunarekin bat eginez. Erakusketa 11:00etatik 13:30era eta 17:30etik 19:30era egongo da zabalik.

Antolatzaileek gogorarazi dute erakusketak ez duela helburu komertzialik; horrenbestez, ezingo da produkturik saldu jardunaldian zehar.

Parte-hartzaile guztiei zuzendutako bilera informatiboa irailaren 10ean egingo da, 16:00etan. Bertan, erakusketaren antolakuntzari eta garapenari buruzko xehetasun guztiak azalduko dira.

Informazio gehiago eskuratzeko edo izena emateko, interesdunek Zumarragako Adineko Pertsonen Kontseiluarekin harremanetan jar daitezke nagusienkontseilua.zum@gmail.com helbide elektronikoaren bidez edo 670 012 258 WhatsApp zenbakira idatzita.

Adineko Pertsonen Kontseiluak parte hartzera animatu ditu herriko eragile eta herritar guztiak, adinekoek Zumarragako bizitza sozialean, kulturalean eta komunitarioan egiten duten ekarpena agerian jartzeko aukera paregabea izango baita.