Eduki publikatzailea
Atzealdea ZUMARRAGAKO BELOKI PILOTALEKUA, PILOTA EGOKITUAREN GIPUZKOAKO IREKIKO FINAL HANDIEN AGERTOKI
2026·04·01

Gaur goizean Zumarragan Euskal Pilota Egokitua Zirkuituaren barruan kokatzen den Gipuzkoako Irekiko finalak aurkeztu dira, apirilaren 12an Beloki pilotalekuan jokatuko direnak. Aurkezpenean Mikel Serrano Zumarragako alkateak; Goizane Alvarez-ek, Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol diputatuak; Karmele Segura-k, Laboral Kutxaren ordezkari gisa; baita finaletan lehiatuko diren hainbat pilotarik ere parte hartu dute, hitzorduaren garrantziaren erakusgarri.
Mikel Serrano alkateak azpimarratu du: «Zumarragarentzat ohorea da berriro ere lehen mailako kirol ekitaldi bat hartzea, eta are gehiago balioetan oinarritzen den kirol bat denean, hala nola pilota egokitua. Ekimen honek argi erakusten du kirola tresna indartsua dela inklusioa sustatzeko eta pertsona guztiei aukerak zabaltzeko. 2019an bizi izan genuen giro berezia gogoan, aurten ere urrats berri bat eman nahi dugu kirol egokituaren ikusgarritasunean eta aitortzan, eta Zumarragak konpromiso sendoa du kirol inklusiboarekin eta herritar guztien parte-hartzea sustatuko duten ekimenekin».
Goizane Alvarez diputatuak ere balioa eman dio ekimenari: «Kirol departamendutik oso positibotzat jotzen dugu pilota egokitua urratsez urrats hazten eta sendotzen ari dela ikustea. Zumarragan jokatuko diren final hauek kirol inklusiboago, bidezkoago eta irisgarriago baten alde egiten ari garen bidearen adierazle dira. Parte-hartzea handitzea eta final bat gehiago izatea albiste bikaina da, aukera gehiago, ikusgarritasun handiagoa eta erreferente berriak sortzen direlako. Kirolak pertsona guztiak barne hartu behar ditu, eta ekimen honek norabide horretan aurrera egiten laguntzen du».
Bestalde, Karmele Segura-k, Laboral Kutxaren ordezkari gisa, lankidetzaren garrantzia azpimarratu du: «LABORAL kutxa Euskal Pilota Egokituaren Zirkuituan lankide gisa dago, ekimen honen garapena ahalbidetzeko babesa emanez. Gure entitateak gizarte inklusioarekin eta kirol egokituarekin daukagun konpromisoa berezkoa eta irmoa da, gure ADNan daramaguna, gertutasunetik eta aukera berdintasunetik. Horregatik, gure lankidetzak jarraipena izango du, kirola praktikatzea guztiontzat izan dadin eta parte hartze unibertsalak bere benetako balioa lor dezan».
2018an hasitako ibilbideak etengabeko hazkundea izan du, eta aurten Zumarragan izango du bere erakusleiho nagusietako bat. Izan ere, aurtengo edizioak berritasun garrantzitsua dakar: lehen aldiz hiru final jokatuko dira, adimen urritasuneko hastapen mailako finala gehituta. Honek agerian uzten du kirol egokituak bizi duen gorakada eta gero eta pertsona gehiagori ateak zabaltzeko egiten ari den lana.
Zumarragako Udalak, bere aldetik, kirol egokituaren aldeko apustu irmoa egiten jarraitzen du, herritarren beharrei erantzunez eta inklusioan oinarritutako gizarte baten eraikuntzan aurrera eginez. Beloki pilotalekuan jokatuko diren final hauek, gainera, mugarri izan nahi dute, 2019an bertan jokatutako Emakume Master Cupeko finalen arrakasta gogoan. Orduan, pilotalekua bete egin zen eta Zelai Arizti zineman pantaila handian eman behar izan ziren partidak, kanpoan geratutako zaleei aukera emateko.
Oraingoan ere, hitzorduak oihartzun handia izango du, ETB-1ek zuzenean eskainiko baititu finalak, baita streaming bidez ere. Honek, beste behin, Zumarraga mapan kokatzen du, kirolaren bidez balio sozialak zabaltzen dituen erreferente gisa.
Finalei dagokienez, lehia maila handikoa izango da. Adimen urritasuneko hastapen mailan Unai Dios-Daniel Calviño eta Joel Garcia-Tanya Fernandez arituko dira. Maila nagusian, Lander Ortega-Eneko Sagarmendi eta Hodei Asteasu-Xabat Askasibar lehiatuko dira. Gurpildun aulkiko finalean, gainera, emozioa ziurtatuta dago, Basaurin jokatutako Bizkaiko Irekiko finalaren errebantxa izango baita neurri batean: Edorta de Anta (Joseba Lasarekin) eta Beñat Lizaso (Aingeru Senperenarekin) ariko dira nor baino nor.
Amaitzeko, Zumarragako Udalak herritar guztiei dei egiten die Beloki pilotalekura gerturatzeko eta kirol egokituaren aldeko apustu kolektibo honetan parte hartzeko. Ikuskizuna eta emozioa bermatuta daude, baina batez ere, balioek eta pertsonen ahaleginak izango dute protagonismoa.

