Eduki publikatzailea
Atzealdea ZUMARRAGAKO BELOKI PILOTALEKUAN JOKATUKO DIRA EUSKAL HERRITIK MUNDURA AMPO TXAPELKETAKO ESKUZKO FINALAK
2026·06·04

Zelai Arizti Kultur Etxeak gaur Euskal Herritik Mundura AMPO Txapelketako finalen aurkezpena hartu du, Zumarragako alkate Mikel Serranok parte hartu duen ekitaldian. Bertan ezagutarazi dira jada erabakita dauden finalen parekatzeak, azken fasean sartuta dagoen lehiaketa batean, eta Beloki pilotalekua eskuzko finalen eszenatoki nagusietako bat izango da. Testuinguru horretan, kirolaren nazioarteko proiekzioa ere nabarmendu da, 2026ko urrian Argentinan jokatuko diren Mundialeetan Euskadi ordezkatuko duen pilotarien selekzioaren presentziarekin, lehen aldiz ekitaldi ofizial batean.
Zumarragako alkate Mikel Serranok adierazi duenez, “garrantzitsua da herriarentzat maila honetako lehiaketa bat hartzea. Beloki pilotalekua oso berezia da guretzat, eta txapelketa honen parte izatea positiboa da, bai lekuarentzat bai pilotaren inguruan egiten den lanarentzat”.
Lehiaketa azken fasera iritsi da, eta dagoeneko zehaztuta daude Zumarragan txapelak lehiatuko dituzten pilotariak; Gaminde, Carregal eta Etxeberria-Elorz sailkatu dira beren modalitateetan. Horrela, eskuzko modalitateko koadroa erabat osatuta geratu da azken faseari begira.
Finalak Beloki pilotalekuan jokatuko dira, ekaniak 7, 11:00etatik aurrera, eta txapelketako pilotari eta bikote onenak bilduko dira bertan. Eskuz Banaka 4 1/2 Emakumezkoetan, Arrizabalaga eta Gaminde arituko dira final handian. Eskuz Banaka Gizonezkoetan, Irribarria eta Carregal izango dira aurrez aurre. Eskuz Binaka Gizonezkoetan, Azketa-Bernaola eta Etxeberria-Elorz bikoteek jokatuko dute txapela.
Horrela, Beloki pilotalekua txapelketako azken fase honen gune nagusi bihurtuko da, Euskal Herritik Mundura AMPO Txapelketaren barruan maila handiko finalak hartuz, modalitate guztietan interes handiko lehiarekin amaiera emanez.

