Eduki publikatzailea

Atzealdea ZUMARRAGAKO ETA URRETXUKO HAURRENTZAKO UDALEKU IREKIAK 2026

Proposamen hezigarria, dibertigarria eta euskaraz, udaz komunitatean gozatzeko

2026·05·05


Aurten ere, hemen daude Urretxu eta Zumarragako kolonia irekiak. Uztailean zehar egingo dira, haurrek beren denbora librea modu hezitzailean, balioz beteta eta erabat euskaraz gozatzeko aukera izan dezaten. Koloniak 2025/2026 ikasturteko HH5 eta LH5 bitarteko ikasleei zuzenduta daude (bi mailak barne), eta uztailaren 6tik 22ra bitartean izango dira, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara. Topagunea izena emandako familiei zuzenean jakinaraziko zaie.

Izen-emate epea maiatzaren 11n irekiko da eta maiatzaren 29an amaituko da. Izen-ematea bi udalerrietako webguneen bidez egin ahal izango da, baina ondoren ezinbestekoa izango da izen-ematea formalizatzeko Zumarragako Zelai Arizti kultur etxera joatea (15:00etatik 17:30era) edo Urretxuko Aizpurunea kultur etxera (17:30etik 20:00etara). Horretarako, beharrezkoa izango da izen-emate orria beteta eta Osakidetzako txartelaren fotokopia aurkeztea.

Parte-hartze kuota 47 eurokoa da, eta banku-helbideratzearen bidez kobratuko da. Aurten ere, Zumarragako Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren onuradun diren familiek %100eko hobaria izango dute, Udalak aukera-berdintasunarekin eta aisialdi hezitzailearen sarbide unibertsalarekin duen konpromisoa berretsiz.

Guztira 310 plaza eskainiko dira, eta izen-emate ordenaren arabera esleituko dira, aforoa bete arte. Zumarragako Udalak familiei ekimen honetan parte hartzera gonbidatzen die, sozializazioa, euskararen erabilera eta uda giro seguru, inklusibo eta aberasgarrian gozatzeko helburua duen proposamena baita.