Eduki publikatzailea

Atzealdea ZUMARRAGAKO EUSKAL DUATLOIAK KIROLA, KULTURA ETA HERRI IDENTITATEA UZTARTUKO DITU LARUNBAT HONETAN

Maiatzaren 23an Euskadi Plazan jokatuko den Euskal Duatloiaren kanporaketak maila handiko aizkolariak bilduko ditu, tartean Zumarragako Yulen Aranberri eta Jon Zaldua aizkolariak, eta herriak berriro ere euskal kirolaren eta kulturaren erreferente izateko duen gaitasuna erakutsiko du

2026·05·21


ZUMARRAGAKO EUSKAL DUATLOIAK KIROLA, KULTURA ETA HERRI IDENTITATEA UZTARTUKO DITU LARUNBAT HONETAN

Maiatzaren 23an Euskadi Plazan jokatuko den Euskal Duatloiaren kanporaketak maila handiko aizkolariak bilduko ditu, tartean Zumarragako Yulen Aranberri eta Jon Zaldua aizkolariak, eta herriak berriro ere euskal kirolaren eta kulturaren erreferente izateko duen gaitasuna erakutsiko du

Gaur arratsaldean aurkeztu da Zumarragan larunbat honetan jokatuko den Euskal Duatloiaren kanporaketa. Aurkezpenean Garikoitz Etxeberria eta Jose Angel Sarasola Euskal Duatloiaren sustatzaile eta antolatzaile nagusiak, eta Mikel Serrano Zumarragako alkateak hartu dute parte.

Ekitaldia datorren maiatzaren 23an izango da, arratsaldeko 17:00etatik aurrera, Euskadi Plazan, eta herri kirolen zaleentzako ikusgarri handia izango dela aurreikusten da. Sarrera doakoa izango da.

Aurkezpenean azaldu dutenez, Euskal Duatloiak hiru hitzordu izango ditu aurten: lehenengo kanporaketa Berastegin jokatu zen aurreko asteburuan, bigarrena Zumarragan ospatuko da eta final handia ekainaren 7an izango da Tolosako zezen-plazan. Zumarragako probatik aterako dira finalerako falta diren azken hiru sailkatuak.

Zumarragako saioan hamaika aizkolarik parte hartuko dute, herri kirolen munduan izen handiko kirolariak tartean. Parte-hartzaileen artean izango dira:

  • Jon Zaldua
  • Yulen Aranberri
  • Aitzol Atutxa
  • Ioritz Gisasola
  • Julen Larrea
  • Manuel Fraile
  • Borja Fernandez
  • Haritz Goena
  • Aritz Oregi
  • Beñat Lekue
  • Txutxi Larrazabal

Aurtengo hitzorduak, gainera, lotura berezia izango du Zumarragarekin bertako kirolarien presentziari esker. Izan ere, Yulen Aranberri Elorriaga baserrikoa eta Jon Zaldua Gurrutxazpi baserrikoa izango dira lehian larunbatean, herritarren babes eta animo bereziak jasoko dituzten bi aizkolari zumarragarrak.

Horrez gain, finalerako dagoeneko sailkatuta dagoen Xabier Zaldua ere zumarragarra da, eta Jon Zalduaren aita. Belaunaldiz belaunaldi herri kirolek Zumarragan izan duten transmisioaren eta sustraitzearen adibide argia dira, eta herriak gaur egun duen kirol osasun ona erakusten dute.

Udalak bereziki balioan jarri nahi izan du bertako kirolarien presentzia, horrek herritarrengan sortzen duen gertutasunagatik eta ekitaldiari ematen dion izaera bereziagatik. Izan ere, maila handiko lehiaz gain, larunbateko hitzordua aukera paregabea izango da herriko kirolariak bertatik bertara ikusi eta babesteko.

Probaren formatua ikusgarria eta oso exigentea izango da. Kirolariek jarraian egin beharko dituzte 45 ontzako enbor horizontala, 45 ontzako enbor bertikala eta 500 metroko korrikaldia. Lan multzo hori bi aldiz osatu beharko dute kanporaketan, eta denbora muga zorrotza izango dute: 18 minututik behera amaitu beharko dute lana. Denbora hori gainditzen duen kirolaria kanporatua geratuko da zuzenean.

Antolatzaileek nabarmendu dute diziplina, indarra, erresistentzia eta estrategia uztartzen dituen proba dela, eta horregatik Euskal Duatloia herri kirolen barruan modalitate ikusgarrienetako bat bihurtzen ari dela urtez urte.

Aurkezpenean, Mikel Serrano alkateak azpimarratu du Zumarragak “horrelako ekitaldiak hartzeko gaitasuna” duela, eta herriak bizi duen kirol dinamismoa balioan jarri du. Era berean, ekitaldiaren izaera kulturala ere nabarmendu du, “ez baita soilik kirol ekitaldi bat; euskal kulturarekin, gure nortasunarekin eta herri izaerarekin lotura zuzena duen hitzordua ere bada”.

Zumarragako Udalak herritarrak eta inguruko bisitariak larunbateko ekitaldira gerturatzera animatu ditu, herri kirolak gertutik bizitzeko aukera paregabea izango baita. Ikusgarritasuna, lehia eta euskal tradizioaren indarra batuko dira beste behin Euskadi Plazan.