Eduki publikatzailea
Atzealdea ZUMARRAGAKO GAZTE ASANBLADAREN PARTE HARTZE PROZESUAK GAZTEEN AHOTSA INDARTU DU ERABAKIAK HARTZERAKOAN
2025·03·26
Jarduera hau 2024-2027 Gazte Planaren garapenaren barruan kokatzen da, tresna estrategiko bat, datozen urteetan Zumarragako gazteei zuzendutako udal jarduerak planifikatu eta ordenatzen dituena. Planaren helburu nagusia da gazteek aurrez aurre dituzten erronka, behar eta aukerei heltzea, aurretiazko diagnostiko baten bidez identifikatuta, eta, hala, udal agenda bat ezartzea, emantzipazioa, gizarteratzea, parte-hartzea eta gazteen ongizatea lehenetsiko dituena.
Horrez gain, Gazte Asanblada Udaleko Gobernu Taldearen estrategiaren parte da, parte-hartze aktiborako espazioak sortzeko eta bizilagunen ahotsak entzuteko, pertsonak erabakiak hartzeko erdigunean jarriz. Gobernantza-eredu hori Gazte Asanbladara ez ezik, Haur eta Nerabeen Kontseilura, Adinekoen Kontseilura eta Tau-Taupadak foro-diagnostikora ere iritsi da.
Testuinguru horretan, Zumarragako Gazte Asanbladak prozesu parte-hartzaile bati ekin dio, komunitatearentzat funtsezkoak diren erabakiak hartzeko garaian belaunaldi berriak sartzea helburu duena. 17 eta 30 urte bitarteko 18 gaztek hartu dute parte prozesu horretan, eta elkarrekin lan egin dute hainbat arlotan dituzten kezkak, beharrak eta proposamenak definitzeko, hala nola mugikortasunean, osasun mentalean, kulturan eta aisialdian, jasangarritasunean, genero-berdintasunean eta emantzipazioan.
Saioetan, parte-hartzaileek beren ideiak eta proposamenak adierazi ahal izan dituzte, lan-mahaien eta foroen bidez. Horrez gain, asanbladako kideen aldarrikapen nabarmenetako bat izan da herritarrei zuzendutako proposamenen lanketan gazteei aktiboki parte hartzeko aukera eman izana.
Zumarragako Udalak Gazte Asanbladaren inplikazioa eskertu du prozesuan zehar, bai parte hartzeko lagin soziologikoan aukeratuak izan zirenei, bai horretarako prestutasuna agertu zuten ehundik gora gazteei. Hurrengo urratsa izango da udal arlo ezberdinek Asanbladaren gomendioetatik sortutako proposamenak baloratzea, udalerriko etorkizuneko politika eta ekintzetan sartzerik dagoen zehazteko asmoz.