Eduki publikatzailea

Atzealdea ZUMARRAGAKO HAUR ETA NERABEEN KONTSEILUAK UDALERRIA HOBETZEN JARRAITZEKO PROPOSAMENAK AURKEZTU DITU

Haurren parte-hartzeak espazio seguruei, irakurketa errazari eta nerabeen parte-hartzeari buruzko ekimen berriak bultzatzen ditu

2026·06·02


Zumarragako Haur eta Nerabeen Udal Kontseiluak gaur lan-saio berri bat egin du Zelai Arizti Kultur Etxean. Bertan, kideek 2025/2026 ikasturtean zehar landutako proposamenak aurkeztu dituzte. Zumarragan egindako topaketaren helburua izan da haurrek eta nerabeek udalerria hobetzeko, erabaki publikoetan duten parte-hartzea indartzeko eta haur eta gazteen beharretara egokitutako herri baterantz aurrera egiteko prestatutako ekimenak ezagutaraztea.

Ekitaldian zehar, Udalak Kontseiluko kideen inplikazioa eskertu nahi izan du, gazteek udal-esparruan modu aktiboan parte hartzea ahalbidetzen duen ekimen honen balioa azpimarratuz. Aurkeztutako proposamenen helburua haur eta nerabeen ongizatea hobetzea da.

2025/2026 ikasturtea beste urrats garrantzitsu bat izan da parte-hartze organo honen sendotze-prozesuan, izan ere, dagoeneko laugarren urtea bete du bere ibilbidean. Denbora honetan, Kontseiluak nortasun propioa garatu du, udalerriko hainbat eragilerekin lankidetzan aritu da eta bere ordezkaritza zabaldu du Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) ikasleak barneratuz. Horri esker, nerabeen ahotsak ere presentzia du parte-hartze gune honetan.

Ikasturte honetan OPIAko lan batzordeek garatutako lanen artean nabarmentzekoak dira erreglamentu irakurketa errazeko formatuan prestatzea eta udalerriko haur eta nerabeentzako espazio seguruak identifikatzea. Parte-hartzaileek taldeko aurkezpenen bidez azaldu dituzte proiektu horien emaitzak, beren ondorioak eta hobekuntza-proposamenak partekatuz.

Halaber, iragarri da erregelamenduaren irakurketa errazeko formatuko triptikoa 2026ko Haur eta Nerabeen Astean banatuko dela. Udalak, era berean, 2026/27 ikasturtean OPIAko lan-saioetan “Espazio Seguruak” lantzen jarraitzeko proposamena aurkeztu du, Gaztematika Planeko “Ingurune On” estrategiarekin bat etorriz.

Zumarragako alkateak, Mikel Serranok, honako hau azpimarratu du: “Haurren eta nerabeen parte-hartzeak ezinbesteko ikuspegia eskaintzen du bertan bizi direnen beharretara egokitutako udalerri bat eraikitzeko. Haien proposamenak entzutea aukera bat da Zumarraga guztion artean hobetzeko”.