Eduki publikatzailea

Atzealdea ZUMARRAGAKO HERRI OLINPIADEK 300 PARTE-HARTZAILEEN LANGA GAINDITU DUTE ETA EMAKUMEZKOEN LIGA PROPIOA IZANGO DUTE BIGARREN EDIZIOAN

25 taldek eta 309 gaztek hartuko dute parte Zumarragako jaiak girotu eta gazteen arteko elkarbizitza, kirola eta herriko dinamizazioa sustatzea helburu duen ekimenean

2026·05·19


Joan den ostiralean aurkeztu zen Zumarragako Herri Olinpiaden bigarren edizioa. Kirolzale enpresak antolatutako txapelketa herrikoiak hazkunde nabarmena izango du aurten, parte-hartzaile kopuruan ez ezik, berrikuntzetan ere bai. Aurkezpenean izan ziren Kirolzaleko zuzendari Iñigo Viana, txapelketan parte hartuko duten 25 taldeetako ordezkariak, taldeak babesten dituzten herriko taberna, merkataritza eta enpresetako ordezkariak, baita Zumarragako alkate Mikel Serrano ere.

Lehen edizioak izandako harrera onaren ondoren, Herri Olinpiadek jauzi handia eman dute aurten. Iaz 187 lagunek parte hartu bazuten, aurten 309 izango dira, izen-emate guztiak epea amaitu baino bost egun lehenago beteta. Guztira 25 taldek hartuko dute parte, iazko 16en aldean.

Bigarren edizio honek izango duen berrikuntza nagusietako bat emakumezkoen liga propioaren sorrera izango da. Antolakuntzak azaldu duenez, lehen edizioan emakumeen parte-hartzea sustatzeko neurriak hartu baziren ere, aurten urrats berri bat eman nahi izan da emakumeek euren txapelketa propioa izan dezaten. Horrez gain, gizonezkoen txapelketan talde mistoak ere onartuko dira, dagokien konpentsazio sistemarekin.

Neurri honekin, uztailaren 1ean Zumarragako plazan jokatuko den finalean emakumezkoen presentzia eta ikusgarritasuna bermatu nahi dira, herriko jaietako giroan protagonismo handiagoa izan dezaten.

Kirolzale Herri Olinpiadak herriko gazteen arteko harremanak sendotzeko, kirola eta talde lana sustatzeko eta Zumarragako kaleetan jai giroa sortzeko helburuz antolatzen dira. Aldi berean, ekimenak tokiko ekonomian ere eragina izango du, talde irabazleek Zumarragako merkataritzan gastatzeko 1.000 euroko saria jasoko baitute, eta herriko babesleen laguntzari esker beste hainbat sari ere banatuko baitira.

Aurten, talde bakoitzak herriko babesle baten izena eramango du, herriko merkataritza, ostalaritza eta enpresen inplikazioa nabarmenduz. Guztira 20 talde ariko dira gizonezko/mistoen txapelketan eta beste 5 emakumezkoenean.

Txapelketa hiru fasetan banatuko da: lehen fasea, finalerdiak eta finala. Lehen fasea maiatzaren 30etik ekainaren 21era jokatuko da asteburuetan, eta taldeek bost kiroletan lehiatu beharko dute: areto futbola, frontenisa, saskibaloia, boleibola eta igeriketa.

Kirolak hiru bloketan banatuko dira eta hainbat proba aldi berean jokatuko direnez, taldeek estrategia ere landu beharko dute, kide bakoitza zein kiroletan arituko den erabakitzeko.

Finalerdiak ekainaren 27an izango dira, Argixao Atletismo Klubak prestatutako atletismo probekin. Bertatik sailkatuko dira uztailaren 1ean, Santa Isabel jaiei hasiera emango dien finalean parte hartuko duten sei taldeak: hiru emakumezko eta hiru gizonezko/misto.

Beste berrikuntza nagusietako bat finaleko probetan egongo da. Aurten, IOTA enpresa izango da azken probak diseinatu eta antolatzeaz arduratuko dena. Proba horiek, momentuz, sekretupean mantenduko dira eta antolakuntzak aurrerago emango ditu ezagutzera.

Iaz bezala, hainbat eragilek hartuko dute parte antolakuntzan eta probetan: Beloki Kirol Elkartea, Goierri Kirol Elkarteko saskibaloi, boleibol eta areto futbol sekzioak, Adrián Ausin igeriketa entrenatzailea eta Argixao Atletismo Kluba, besteak beste.

Parte hartuko duten taldeak honako hauek izango dira:

Gizonezkoak / Mistoak:
EMTF – Informa Energia
EARKI GATXIK – Ventanas Leihoetxe
AH – Ferretería Iribe
LKR – Urzubi taberna
EURRE – Galilea taberna
APV – Ferretería Igartua
COMANDO – Iburreta taberna
BANDIDOS ALIOLI – Zuzen Zerbitzu Grafikoak
LK – M&M Garbiketak
EA7 – Ata Harategia
PITXUGANG – Sin Perdón
RMF – Aitube Berri
BPG – Carnicería Atlas
CAMEL FC – Ventanas Goierri
ANTICORRUPTOS – Garbiketak Zumarraga
KMPL – Bidezar Taberna
EMAN EURRE – Lucas Taberna
L.Y. – Aldapa Street Food
RESISTENCIA – La Kuadrilla
K.Z – Etxarre

Emakumezkoak:
JUSJUS – IOTA
LBDK – Bitartean Elkartea
OLINPI-HADAK – Osane Zaintza eta Mugimendua
LMIX – Talleres Loidi
ZERO ZERO – Oleta Berri