Eduki publikatzailea

Atzealdea ZUMARRAGAKO UDALAK -ASTEKLIMA 2026- EKIMENAREKIN BAT EGIN DU, KLIMA-ALDAKETAREN INGURUKO SENTSIBILIZAZIOA SUSTATZEKO

Udalak bi ekintza antolatu ditu urriaren 20tik 22ra: “Klima aldaketari aurre!” erakusketa eta “Nik maite dut natura” ipuin-kontaketa

2026·10·12


 

Euskal Autonomia Erkidegoan klima-aldaketaren inguruko kontzientziazioa, ezagutza eta herritarren parte-hartzea sustatzeko helburuarekin, ASTEKLIMA 2026 ekimena urriaren 16tik 25era garatuko da. Ekimenaren baitan, hainbat jarduera eta proposamen antolatuko dira herritarrei klima-aldaketaren erronka gerturatzeko eta ingurumenaren zaintzan norbanakoen zein kolektiboen konpromisoa bultzatzeko.

Testuinguru horretan, Zumarragako Udalak ASTEKLIMA 2026 ekimenarekin bat egin du, klima-aldaketaren inguruko ezagutza eta sentsibilizazioa herritarren artean sustatzeko helburuarekin. Horretarako, bi jarduera antolatu ditu urrian: “Klima aldaketari aurre!” erakusketa, Zelai Ariztiko Kultur Etxean, eta “Nik maite dut natura” ipuin-kontaketa, Zumarragako liburutegian.

ASTEKLIMAren baitan antolatutako jardueren bidez, Udalak klima-aldaketaren erronka herritarrengana gerturatu nahi du, haren arrazoiak eta ondorioak ezagutaraziz eta egoerari aurre egiteko nahiz ondorioetara egokitzeko hartu daitezkeen neurriak ezagutaraziz.

“Klima aldaketari aurre!” erakusketa

Urriaren 20tik 22ra, asteartetik ostegunera, Izadi 21 eta Laia kooperatibak osatutako lan-taldearen “Klima aldaketari aurre!” erakusketa egongo da ikusgai Zelai Ariztiko Kultur Etxearen sarreran. Bederatzi panelek osatzen dute erakusketa, eta herritar guztiek izango dute bertara hurbiltzeko aukera.

Erakusketak klima-aldaketa zer den, zergatik sortzen den eta eragiten dituen kalteak azaltzen ditu. Halaber, egoerari aurre egiteko eta klima-aldaketaren ondorioetara egokitzeko har daitezkeen neurri pertsonal eta kolektiboak aurkezten ditu.

Mundu mailako fenomenoari buruzko ikuspegi orokorra eskaintzeaz gain, erakusketak Zumarragako egoerari buruzko informazioa ere jasotzen du, energia-kontsumoari eta berotegi-efektuko gasen emisioei dagokienez.

Erakusketaren ordutegia 3 egunetan zehar honakoa izango da: 9:30 - 13:30 eta 15:00 - 20:30.

Asteazken eta ostegun goizean bisita gidatuak izango dira horrela eskatzen duten taldeentzat (ikastetxeak eta elkarteak). Gainera, bi egun horietan erakusketan egongo diren laguntzaileek azalpenak emango dizkiete bertara hurbiltzen diren herritarrei.

Natura zaintzearen garrantzia, txikienengandik hasita

ASTEKLIMA 2026ren baitan antolatutako bigarren jarduera “Nik maite dut natura” ipuin-kontaketa izango da, Miru sorginaren eskutik. Saioa urriaren 20an, asteartean, 17:30ean, egingo da Zumarragako liburutegian.

45 minutuko ipuin-saio honetan, natura izango da protagonista: mendiak, itsasoak eta animaliak agertuko dira istorioetan. Jardueraren bidez, natura maitatu, errespetatu eta zaintzearen garrantzia landuko da, klima-aldaketaren aurrean ingurumenaren babesak duen garrantzia azpimarratuz.

Jarduera euskaraz izango da eta 4 eta 8 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago.

Parte hartzeko aldez aurretik izena eman beharko da. Izen-ematea urriaren 13tik aurrera egin ahal izango da, Zelai Arizti Kultur Etxeko harreran. Plazak mugatuak izango dira.

Udalaren konpromisoa

Bi jarduera hauekin, Zumarragako Udalak klima-aldaketaren inguruko sentsibilizazioa eta ingurumenarekiko konpromisoa sustatzen jarraitzeko borondatea adierazi du. ASTEKLIMA 2026ren testuinguruan, herritarren parte-hartzea eta informazioa funtsezkoak dira klima-aldaketaren erronkari tokiko ikuspegitik heltzeko.

Udalak herritarrak animatu ditu antolatutako jardueretan parte hartzera eta klima-aldaketaren inguruan informatzeko eta hausnartzeko aukera baliatzera.