Eduki publikatzailea
Atzealdea ZUMARRAGAKO UDALAK BIGARREN ESKUKO AZOKAREN LEHEN EDIZIOA AURKEZTU DU
2026·05·19

Zumarragako Udalak gaur goizean aurkeztu du datorren ekainaren 7an, igandea, Euskadi Plazan egingo den Bigarren Eskuko Azokaren lehen edizioa. Azoka 10:00etatik 14:00etara egingo da, eta berrerabilpena, ekonomia zirkularra eta kontsumo arduratsua sustatzeko herritarren topagune izateko helburuarekin sortu da
Aurkezpenean, Mikel Serrano alkateak nabarmendu du ekimenaren helburua “egoera onean dauden objektuei bigarren bizitza ematea, hondakinak murriztea eta, aldi berean, herrian giroa, dinamismoa eta parte-hartzea sustatzea” dela.
Azokak bi parte-hartze modalitate izango ditu. Alde batetik, “Erreserbatu zure mahaia” modalitatearen bidez, herritarrek beren produktuak zuzenean saldu edo trukatzeko aukera izango dute. Parte-hartzaile bakoitzak mahaia eta mahaizapia izango ditu doan, eta elkarteek bi mahai izango dituzte. Bestetik, “Gordailu zerbitzua” eskainiko da, azokaren egunean bertan, 09:00etatik 10:00etara, gehienez 10 objektu utzi ahal izateko, antolakuntzak haien salmenta kudeatu dezan.
Azokan liburuak, jostailuak, dekorazioko objektuak, etxerako artikuluak, kirol materiala eta egoera onean dauden askotariko bigarren eskuko produktuak aurkitu ahal izango dira. Ez dira onartuko, besteak beste, elikagaiak, objektu arriskutsuak edo egoera txarrean dauden produktuak.
Jarduera hau Ingurumenaren Astearen barruan antolatu da, eta Udalak ekimenak balio hezitzaile eta sentsibilizatzaile handia duela azpimarratu du, herritarrak eguneroko ohitura jasangarriagoetara hurbiltzen dituelako.
Parte-hartzea doakoa izango da eta izena emateko epea maiatzaren 29ra arte egongo da zabalik. Informazio guztia udalaren webgunean www.zumarraga.eus, kartel informatiboan agertzen den QR kodearen bidez edo 943 729 022 telefonora deituta —187 luzapena— eskuratu ahal izango da.
Bigarren Eskuko Azokaren antolaketa Artelatz enpresa espezializatuaren laguntzarekin egingo da, eta jarduera Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak ekonomia zirkularraren arloan sustatutako dirulaguntza programaren barruan kokatzen da.


