Eduki publikatzailea

Atzealdea Zumarragako Udalak BIGARREN ESKUKO MERKATUA antolatuko du ekainaren 7an Euskadi Plazan

Ekainaren 7an, igandea, Zumarragako Euskadi Plazan Bigarren Eskuko Merkatua egingo da, 10:00etatik 14:00etara. Ekimenaren helburua herritarren arteko topaketa eta parte-hartzea sustatzea da, egoera onean dauden objektuen berrerabilpena bultzatuz eta kontsumo arduratsua zein ekonomia zirkularra indartuz.

2026·05·15


Azoka honetan bigarren eskuko produktuen salerosketa eta trukea sustatuko dira, hondakinen sorrera murrizteko eta dagoeneko existitzen diren baliabideei balioa emateko asmoz.

Parte hartzeko bi modalitate egongo dira. Batetik, “Gordailu zerbitzua” egongo da: herritarrek objektuak azokaren egunean bertan utzi ahal izango dituzte, 09:00etatik 10:00etara, eta antolakuntzak egingo du haien erakusketa eta salmentaren kudeaketa. Pertsona bakoitzak gehienez 10 objektu utzi ahal izango ditu. Objektu horiek gordailu-zerbitzuan erregistratuko dira, saldu nahi dituen pertsonak egokitzat jotzen duen prezioarekin, eta salgai jarriko dira. Kasu honetan, ez da onartuko arroparik, erabilitako osagarririk, ezta tamaina handiko altzari edo objekturik ere. Azoka ixtean, 14:00etan, saltzaileak azokara itzuliko dira salmentaren dirua edo saldu ez diren artikuluak jasotzera. Modalitate honetan, ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea, egunean bertan 9:00tatik 10:00tara azokara gerturatzearekin nahikoa da.

Bestetik, “Erreserbatu zure mahaia” modalitatea: parte-hartzaileek beren produktuak erakutsi, saldu edo trukatzeko mahai edo espazio bat izango dute, eta aldez aurretik izena eman beharko dute.


Izena emateko epea maiatzaren 29ra arte egongo da zabalik, egun hori barne. Izena emateko, informazio-kartelaren QR kodea erabili, edo https://www.merkabi.eus/zumarraga web-orrian eskuragarri dagoen inprimakia betez edo 943 729 022-187 telefono-zenbakira deituz. Parte-hartzea doakoa izango da, baina plazak mugatuak izango dira. Parte-hartzaileak partikularrak, elkarteak eta ikastetxeak izan daitezke; lehentasuna izango dute Zumarragako herritarrek, nahiz eta baldintzak betetzen dituen edozein pertsonak parte hartu ahal izango duen.

Azokan liburuak, diskoak, kultur materiala, jostailuak, haur artikuluak, etxerako eta dekoraziorako objektu txikiak, aisialdi, kirol eta denbora libreko artikuluak saldu edo trukatu ahal izango dira, betiere higiene, segurtasun eta funtzionamendu baldintza egokiak betetzen badituzte.

Ez dira onartuko elikagaiak, edariak, berrerosteko eskuratutako produktu berriak, jarduera komertzial edo profesionalarekin lotutako artikuluak, animaliak, sendagaiak, kosmetiko irekiak edo behar bezala etiketatu gabeak, armak, objektu arriskutsuak, material sukoitsuak, egoera txarrean dauden aparatu elektrikoak edo legez kanpoko jatorria duten produktuak.

Jarduera hau Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak 2026rako ekonomia zirkularraren arloko jarduketetarako irekitako dirulaguntzaren bidez finantzatzeko eskaera egina dago.

Partehartze Baldintzak