Eduki publikatzailea
Atzealdea ZUMARRAGAKO UDALAK BULTZATUTAKO PROIEKTU SINGULARRAREN PRESTAKUNTZA ATALA AMAITU DA
2026·03·27

Gaur goizean, Zumarragako alkateak gizarteratze eta laneratze proiektu batean parte hartzen ari diren pertsonak bisitatu ditu; hain zuzen ere, eraikin eta lokalen garbiketan espezializatutako prestakuntza jasotzen ari diren 15 lagunen egunerokoa bertatik bertara ezagutzeko aukera izan du.
Bisita honek balioan jartzen du Zumarragako Udalak sustatutako ekimen hau, langabezian dauden eta laneratzeko zailtasunak dituzten pertsonei zuzendua, euren gaitasun profesionalak garatzeko eta etorkizuneko lan-aukerak handitzeko helburuz.
Azken hilabeteotan, parte-hartzaileek 150 orduko 1. mailako Profesionaltasun Ziurtagiria lortzera bideratutako prestakuntza jaso dute. Horrez gain, laneko arriskuen prebentzioan, laneratzeko tresnetan eta enplegua bilatzeko tekniketan trebatu dira. Ibilbide hori osatzeko, bakoitzak bere laneratze plana landu du orientatzaile laboral baten laguntzarekin, 16 orduko saioetan.
Proiektuak, gainera, 80 orduko praktika ez-laboralak egiteko aukera eskaintzen du Zumarragako eta eskualdeko lan-zentroetan, benetako lan-inguruneetan esperientzia eskuratzea ahalbidetuz.
Proiektu honen esparruan, Zumarragako Udalak bere gain hartzen du enplegu-aukeren prospekzioa egiteko konpromisoa, bai eta inguruko enpresek gutxienez hiru hilabetez 6 pertsona kontratatzeko konpromisoa ere.
Proiektua Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzua-ren laguntza ekonomikoari esker gauzatu da, 32.600 euroko finantzaketarekin, eta prestakuntza Siderurgia Integraleko Langileen Fundazioa -k eman du.
Ekimen honen bidez, Zumarragako Udalak berriro ere erakusten du pertsonen enplegagarritasuna hobetzeko eta aukera-berdintasuna sustatzeko duen konpromisoa, herritarren beharrei erantzunez eta etorkizunari begira lan eginez.

