Eduki publikatzailea
Atzealdea ZUMARRAGAKO UDALAK BURUZAIKO PARKE EOLIKOAREN TRAMITAZIOA GELDITZEA ESKATU DU
2024·02·01
ZUMARRAGAKO UDALAK BURUZAIKO PARKE EOLIKOAREN TRAMITAZIOA GELDITZEA ESKATU DU
• Azkoitiko, Azpeitiko eta Ezkio-Itsasoko udalekin batera, hemeretzi alegazio aurkeztu ditu proiektuaren izapidetzea geldiarazteko edo, bestela, aldez aurreko administrazio-baimena ukatzeko.
Zumarragako Udalak hemeretzi alegazio aurkeztu ditu Azkoitia, Azpeitia eta Ezkio-Itsasoko udalekin batera, Buruzaiko parke eolikoaren tramitazioa geldiaraztea eskatzeko, edo, bestela, aldez aurreko administrazio-baimena ukatzeko. Parke eoliko horrek eta horri lotutako azpiegiturek lau udalerri horien lurrak hartzen dituzte.
Hainbat bilera egin ondoren, Zumarragako alkate Mikel Serranok, Azpeitiko alkate Nagore Alkortak, Azkoitiko alkate Ana Azkoitiak eta Ezkio-Itsasoko alkate Joseba Telleriak sinatu dute alegazioak jasotzen dituen dokumentua, eta dagoeneko aurkeztu dute.
Zumarragako Udalak uste du Buruzainen proposatutako parke eolikoa ez dela egokitzen Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak 2050erako Klima Aldaketaren Aurka Borrokatzeko Gipuzkoako Estrategia – Gipuzkoa Klima 2050- garatzeko egindako Gipuzkoako 2050erako Jasangarritasun Energetikoaren Estrategiara, estrategia horrek autokontsumorako 1 MW-tik beherako potentzia duten gune txikiak baino ez dituelako aurreikusten, eta esplizituki baztertzen duelako eskala handiko elektrizitatea ekoizteko parke makroeolikoak instalatzea banatzeko.
Aurkeztutako alegazioen arabera, Buruzain parke eolikoaren eta haren azpiegituren izapidetzeak ezin du aurrera jarraitu proiektuak berme guztiak betetzen ez baditu.
Besteak beste, honako arrazoi hauengatik aurkeztu dira alegazioak: plantaren sustatzaileak ez duelako 115/2002 Dekretuak eskatutako proiektua aurkeztu (aurreproiektua bakarrik aurkeztu du), ez eta bertan egindako haize-neurketen justifikazio teknikoa ere; aurkeztutako ingurumen-inpaktuaren azterketak ez dituelako betetzen ingurumen-ebaluazioa egiteko irismen-agirian eskatzen diren gutxieneko edukiak; eta natura- eta kultura-ondarearen babesaren arloko inkongruentzia eta bateraezintasun ugari daudelako.
Alegazio-dokumentuak azaltzen du, halaber, Buruzai parke eolikoaren proiekturako proposatutako kokalekua ikuspen handiko mendilerro batean dagoela, inguruko eremu zabaletatik, paisaiaren kalitatea nabarmen galduz.
Gainera, parkea eraikitzeak eremu horretan katalogatutako espezieei ere eragingo lieke.
Zumarragako alkateak, Mikel Serranok, parke eoliko honen tramitazioak eragindako lau alkateen artean sortzen duen kezka azaldu du. "Ez dago parke eoliko hau martxan jartzea justifikatzen duen datu nahikorik eta, beraz, ez luke tramitatzen jarraitu behar. Akatsak daude parke eolikoa garatzeko administrazio-baimena eskatzean, eta, gainera, inguruko paisaia-kalitateari eta faunari eragiten diela kontuan hartuta, hura geldiaraztea eskatzen dugu ".