Eduki publikatzailea

Atzealdea ZUMARRAGAKO UDALAK ELENE LETE, IGONE CAMPOS, JOSETXO MUJIKA ETA MARIA CLAVERO SARITU DITU 2022KO KIROLAREN GALAN

Gaur, abenduak 16, udaletxeko pleno aretoan 2022ko Zumarragako Kirolaren Gala ospatu da eguerdiko 12:00etan. Urtero lez, udalak 2022an Zumarragako kirolak eman dituen izen propioak saritu ditu

2022·12·16


ZUMARRAGAKO UDALAK ELENE LETE, IGONE CAMPOS, JOSETXO MUJIKA ETA MARIA CLAVERO SARITU DITU 2022KO KIROLAREN GALAN

 

Gaur, abenduak 16, udaletxeko pleno aretoan 2022ko Zumarragako Kirolaren Gala ospatu da eguerdiko 12:00etan. Urtero lez, udalak 2022an Zumarragako kirolak eman dituen izen propioak saritu ditu:

 

 

Elene Lete (futbola)

  • Ligan gol gutxien jaso zuen atezaina.
  • Espainiako selekzioarekin munduko txapelduna
  • Txapeldunen Ligan debuta.

15 urte zituela Argixaoko atepea Zubietakoarengatik aldatu zuen Elenek. Real Sociedad B-ko atezain postuaren jabe egin zen eta horrek lehenengo taldeko egunerokotasunean parte hartzera eraman zuen. 2019an, Errealak historian estreinakoz Erreginaren Kopa irabazi zuen Granadan, Zumarragarra deialdi hartan zegoela.

2019a berezia izan bazen, zer esanik ez 2022a. Urte gutxian Errealeko lehen taldeko hirugarren atezain izatetik lehenengoa izatera pasa da. Denboraldi ederra egin zuen taldeak, Liga 2. postuan amaituta. Zer esanik ez Elenek, denboraldian gol gutxien jaso zituen atezaina izanik “Zamora” saria irabazi zuela. Zumarragarraren urtea ez zen oharkabean pasa eta Kosta Rikako 20 urtez azpiko munduko txapelketa jokatzeko deia jaso zuen, gerora txapelketa irabaziko zuen Espainiako selekzioaren eskutik. Zorigaiztoko lesio baten erruz partidurik jokatzerik izan ez bazuen ere, garaikurraren zati bat ere berea da, zalantzarik gabe. Behin lesiotik osatuta, irailean Txapeldunen Ligan estreinatu zen Lete, Municheko Bayern-en aurka. Kluben arteko txapelketa gorenean jokatu zuen lehen partida izan zen, baina ziur ez dela azkena izango. Zorionak, Elene!


Igone Campos (mendia)

  • Mendi eskiko taldekako Espainiako txapeldun.
  • Espainiako bertikal txapelketan zilarrezko domina.
  • Espainiako kopan brontzezko domina.
  • Altitoy Ternua eta Andorra-Skimo lasterketean irabazle.

Kirol munduan saskibaloian hasi bazen ere, 4 hormen artean baino gusturago sentitu izan da Igone mendi inguruan. Betidanik izan da naturazale, eta horren adierazle ingurugiro zientzietan lizentziatua dela. 20 urte ingururekin zaletasun hori serioago hartzen hasi zen, alpinismoari, eskiari eta mendian korrika aritzeari denbora gehiago eskainiaz. Urte batzuk beranduago mendiko diziplina ezberdinetan lehiatzeari ekin zion, trail runningean eta mendiko eskian nagusiki, eta geroztik emaitza paregabeak lortu eta lortu dabil. 2022an Espainiako taldekako txapelketan urrezko domina irabazi du Nahia Quincoces bizkaitarrarekin taldea osatuz (mendiko eskia); Espainiako bertikal txapelketan zilarra eta Espainiako kopan brontzea. Era berean nazioartean ospe handia duten Altitoy-Ternua eta Andorra-skimo lasterketetan ere gailentzea lortu du aurten. Chantal Mauditek esan zuen “persigo la felicidad, y la montaña responde a mi busqueda”. Jarraitu maite duzun hori egiten eta gozatu bideaz. Zorionak, Igone!


Josetxo Mujika (triatloia)

  • Distantzia erdiko triatloieko Europako txapeldun.
  • Ironmaneko munduko txapelketarako sailkapena.

30 urte ingururekin ekin zion Josetxok triatloien munduari eta bizi erdia baino gehiago darama igeriketa, txirrindularitza eta korrika uztartzen dituen kirol modalitate honetan. 65 urterekin ez dirudi erretiroa hartzen pentsatzen dabilenik Mujika, ez triatloiaren mundutik behintzat. Aurten Bilbon Europako Txapeldun izan da bere kategorian distantzia erdiko triatloiean. Honez gain, azaroan Tel Aviveko Ironmanean igeriketako 3,8km-ak, bizikletako 180km-ak eta korrikako 42,195km-ak egin eta helmuga lehen postuan zeharkatuta, bigarren sailkatuari ordubete baino gehiago ateraz, Konako Munduko Txapelketarako sailkatzea lortu zuen (Hawaii). Tamalez, badirudi aurten Konako irlaren azpiegitura faltarengatik emakumezkoen ironmana baino ez dela bertan ospatuko eta gizonezkoena beste herrialderen batean egingo dela, datorren urtean alderantziz egingo dutelarik. Honenbestez, Josetxok munduko txapelketarako sailkatu da, non izango duen ez dakien arren, ziur paper bikaina burutuko duela egiten den tokian egiten dela. Zorionak eta zorte on, Josetxo!


María Clavero (jiu-jitsua)

  • Espainiako azpitxapelduna.
  • Zumarragako jiu-jitsuaren alde egiten duen lanagatik.

Mariak jarduera fisikoa du ogibide. Urteak daramazki heziketa fisikoko irakasle gisa, bere pasio hori gaztetxoekin partekatzen. Kirol ezberdinak praktikatu baditu ere, arte martzialak ditu gustukoen. Haurra zela judon eman zuen izena eta geroztik ez da tatamitik atera, nahiz eta egun jiu-jitsuarekin zentratuagoa dagoen.

Claverok, lan-jarduna amaitzean Zumarragako Ispilla kiroldegian haur, gazte eta helduei jiu-jitsuko saioak ematen dizkie, baita emakumezkoentzako defentsa pertsonala ere. Gogor entrenatzeko tarte bat ere ateratzen du nonbaitetik. Entrenamendu hauei esker puntako emaitzak lortu ditu urteetan zehar. 2022an Madrilen ospatu zen Espainiako txapelketan zilarrezko domina eskuratu zuen Ne Waza modalitatean.

Aurtengo emaitzengatik, izan duzun kirol ibilbidearengatik eta herriko haurrei jiu-jitsuaren bitartez esfortzua, errespetua eta laguntasuna bezalako baloreak sustatzeagatik, zorionak eta eskerrik asko, Maria.

 

Omendutako kirolariez gain, Mikel Serrano alkateak Nahia Garrido, Tolosaldeko taldeko 15 urteko igerilari urretxuarra, mentzionatu nahi izan du. Tolosaldekoa izan arren, 16.000 biztanleko nukleoa gara, eta azken urteko kirol ibilbidea kontuan hartuta, uste dut bidezkoa dela asteazkenean Kursaaleko Kirolgalan ondasuntzat aitortzea, herri bozketa bidez emandako Gipuzkoarren Kirola saria jaso baitzuen.

 

Gaur goizeko ekitaldia ere oso ekitaldi hunkigarria izan da, Jose Antonio Mendizabali omenaldi txiki bat egin baitzaio. Jose Antonio Mendizabal Zumarragako Udaleko kirol teknikaria izan da 30 urtez, eta aurten bertan erretiroa hartu du.

Mikelek udalerriaren alde egindako lan guztia eskertu nahi izan du, omenduak Zumarragara ekarri dituen gertaera garrantzitsuenak gogora ekarriz.