Eduki publikatzailea
Atzealdea ZUMARRAGAKO UDALAK HERRITARRAK SENTSIBILIZATU NAHI DITU BERO-BOLADEN ARRISKUEN ETA PREBENTZIO-NEURRIEN INGURUAN
2026·06·18

Zumarragako Udalak, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak abian jarri duen 2026ko Bero Planarekin bat eginez, herritarrak tenperatura altuek osasunean izan ditzaketen ondorioen inguruan informatu eta sentsibilizatzeko kanpaina egingo du uda honetan.
Azken urteotan bero-boladek gero eta maiztasun eta intentsitate handiagoa izan dute, eta adituen arabera joera horrek gora egiten jarraituko du klima-aldaketaren ondorioz. Tenperatura altuek osasunean eragin zuzena izan dezakete, batez ere adinekoengan, haur txikiengan, haurdun dauden emakumeengan eta gaixotasun kronikoak dituzten pertsonengan. Horregatik, prebentzioa eta informazioa dira beroaren ondorio kaltegarriak saihesteko tresnarik eraginkorrenak.
“Udaletik informazio erabilgarria eskaini nahi diegu herritarrei, haien osasuna babesteko eta pertsona ahulenekiko arreta indartzeko”, adierazi du Nerea Errasti Ingurumen zinegotziak.
2025eko datuek agerian uzten dute erronkaren garrantzia. Eusko Jaurlaritzaren Bero Planaren ebaluazioaren arabera, iazko udan Euskadin tenperatura altuei lotutako 138 heriotza zenbatu ziren, eta planaren indarraldian egun guztien laurden batean beroarekin lotutako abisu edo alerta egoerak aktibatu ziren.
Beroaren aurrean, prebentzioa da gakoa
Zumarragako Udalak herritarrei gogorarazi nahi die bero handiko egunetan zenbait neurri erraz hartzeak osasun-arazo larriak saihesten lagun dezakeela:
- Eguzkiaren esposizio zuzena saihestu, bereziki eguerdiko ordurik beroenetan.
- Arropa arina, zabala eta kolore argikoa erabili.
- Ura maiz edan, egarri izan arte itxaron gabe.
- Jarduera fisiko bizia saihestu eguneko ordurik beroenetan.
- Leihoak eta pertsianak itxita mantendu bero gehien egiten duen uneetan, eta gauez etxebizitza aireztatu.
- Etxean bero handia egiten badu, leku freskoetan egon edo aire girotua duten espazioak baliatu.
- Arreta berezia eskaini bakarrik bizi diren adinekoei, mendekotasuna duten pertsonei eta osasun-arazoak dituztenei.
Era berean, bero-kolpea larrialdi medikoa dela gogorarazi nahi da. Sintoma larrien aurrean —nahasmena, konorte-galera edo gorputz-tenperatura oso altua, besteak beste— berehala deitu behar da 112 telefonora.
Gazteak, klima-aldaketaren aurrean konpromisoaren adibide
Bero-boladen prebentzioarekin eta klima-aldaketara egokitzearekin lotuta, Zumarragako Udalak aitortu eta eskertu nahi du Urola Garaiko ikasleek azken ikasturteetan egindako lana. Eskola Agenda 2030 programaren baitan, klima-aldaketaren ondorioak eta herritarren egokitzapenerako neurriak landu dituzte hainbat ikastetxetako ikasleek. Lanketa horren barruan, besteak beste, udalerrietan bero-boladen aurrean herritarren babesa indartzeko babesleku klimatikoen sare baten proposamena aztertzen eta garatzen aritu dira.
Egindako lan hori herritarrekin partekatzeko, ekainaren 3an KLIMA TOUR azoka egin zen Urretxu-Zumarragako Kalebarren plazan. Bertan, ikasleek klima-aldaketaren inguruan egindako diagnostikoak, ondorioak eta proposamenak aurkeztu zituzten, herritarren kontzientziazioa sustatzeko helburuarekin. Azokak agerian utzi zuen gazteek ingurumenaren eta klima-erronken aurrean duten konpromisoa, baita etorkizuneko udalerri erresilienteagoak eraikitzeko egiten duten ekarpena ere.
Informazioa eta prebentzioa, guztion ardura
Zumarragako Udalak herritar guztiei dei egiten die uda honetan beroaren aurkako gomendioei jarraitzeko eta inguruko pertsona zaurgarrienei arreta berezia eskaintzeko. Tenperatura altuen aurrean neurri egokiak hartzea funtsezkoa da osasuna babesteko eta bero-boladen eragina murrizteko.
Horregatik, Udalak uda osoan zehar bero-boladei buruzko informazioa, alerta egoeren berri eta prebentzio-gomendioak zabalduko ditu bere ohiko komunikazio-kanalen bidez, herritarren ongizatea eta segurtasuna zaintzeko helburuarekin.

