Eduki publikatzailea

Atzealdea ZUMARRAGAKO UDALAK NICOLÁS ALUSTIZA ETA JOSETXO MUJIKA SARITU DITU 2023KO KIROLAREN GALAN

Gaur, abenduak 15, udaletxeko pleno aretoan 2023ko Zumarragako Kirolaren Gala ospatu da. Urtero bezala, udalak 2023an Zumarragako kirolak eman dituen izen propioak saritu ditu:

2023·12·15


Nicolas Alustiza Goenaga (20 urte)

Etorkizun handiko kirolaria dugu, Nicolas. Lehen pedalkadak Goierri Txirrindulari eskolan eman zituen eta azken bi urteak Laboral Kutxa taldearekin egin ditu.

Esan beharra dago, 2022.urtea ez zuela izan nahi bezalakoa; txirrindularitzan horren ohikoa den lepauztaiko haustura baten ondorioz, lasterketatik kanpo egon baitzen denbora batez.

Hala ere, indar betez eta pilak ondo kargatuta hasi zuen 2023.urtea eta lau alditan garaipena ospatzeko besoak gora altxatzea lortu zuen: hain zuzen, Duranan, Iturmendin, Seguran eta Antzuolan.

Hori horrela, Euskaltel Euskadirentzat ez da oharkabean pasa Nicolasen ibilbidea eta bi urtetarako profesionaletako hitzarmena sinatu dute bi aldeek. Nicolasen kirol ibilbidean aurrera pauso garrantzitsua da eta konstantziaren saria. Datozen erronka berriekin etorkizun oparoa opa diegu.

 

Josetxo Mujika (66 urte)

Urte asko igaro dira, 30 urte inguru zituela hasi zen mundu honetan, Kantabrian ospatu zen triatloi hartatik, eta hemen jarraitzen du Josetxok bere izena mundu mailan inposatzen. 15-16 Iron Man egin ditu dagoeneko.

 

Ibizan, Mallorcan, Hawaiinen, Nizan, Boltonen, Lanzaroten, Hegoafrikan, Israelen, Frantzian…egon da.

 

2009an, Polizia eta Suhiltzaileentzako Munduko Jokoetan parte hartu zuen Vancouverren (Kanada), eta lau urre, bi zilar eta brontze bat lortu zituen.

 

Aurreko urtea ez zuen nolanahikoa izan zuen Josetxok; garaipen eta marka bikainak lortu zituen. Bilbon Europako Txapeldun izan zen bere kategorian distantzia erdiko triatloiean. Honez gain, Tel Aviveko Ironmanean igeriketako 3,8km-ak, bizikletako 180km-ak eta korrikako 42,195km-ak egin eta helmuga lehen postuan zeharkatuta.

Aurtengoan ere ez da atzean gelditu, a ze urtea!

Aurreko urtean Bilbon lortutako garaipenari esker, Ibizan ospatu zen distantzia luzeko Munduko triatloi txapelketarako txartela lortu zuen. Maiatzean Ibizan ospatu zen proba eta Munduko Txapeldun izan zen, bera izan zen azkarrena 65 eta 70 urte bitartekoen mailan.

Honez gain, uztailean Gasteizen egin zen distantzia erdiko triatloian ere, beteranoen mailan  lasterketa irabazita, Euskadiko txapeldun gelditu zen.

Sasoi betean jarraitzen du eta badirudi, batzuentzat besteentzat baino motelxeago igarotzen direla urteak.

ZORIONAK BIEI!