Eduki publikatzailea
Atzealdea ZUMARRAGAKO UDALAK TOKIKO KOMUNITATE BAT SORTU DU MUGIKORTASUN PARTEKATURAKO TRIBBU APLIKAZIOAN
2026·02·18

Zumarragako Udalak, Gazteria Planaren bidez, mugikortasun partekatuko proiektu pilotu bat jarri du martxan,TRIBBU aplikazioaren bidez, udalerrian mugitzeko aukerak zabaltzeko eta hobetzeko. Ekimena gaur egungo autobus eta tren loturak osatzeko sortu da, herritarrak Unibertsitatera,lanera edo aisialdira modu erraz eta jasangarrian sar daitezen erraztuz. Otsailaren 16tik aurrera (astelehena), pizgarriak aktibatuko ditu programak,eta aukera emango du autoa partekatzeko. Hala, CO-emisioak murrizten lagunduko du, eta bidaia bakoitzeko hobari ekonomikoak eskainiko ditu. Horretarako, Udalak 1.800 euroko hasierako inbertsioa egingo du,eta 3.600 ibilbide diruz lagundu ahal izango dira.
Zumarragako gazteek Udaleko Gazteria Planaren esparruan adierazitako kezkei erantzun zuzena emateko sortu zen proiektu hau. Udalerriak garraio publikoko bi konexio baditu ere —autobus- eta tren-lineak eta GO07 linea berria barne—, zenbait eremu eta ibilbidetara ezin da zuzenean zerbitzu horien bidez sartu.
Errealitate horrek zailtasunak sortzen ditu egunerokotasunean lanagatik edo prestakuntzagatik mugitzeko, eta asteburua iristen denean aisialdiagatik. Iñaki Mendiluce Gazteriako zinegotziak azpimarratu duenez, “ekimen honekin beste urrats bat ematen dugu dauden garraio zerbitzuak handitu eta osatzeko, gure bizilagunen egunerokoa erraztuz. Mugikortasun pribatua ere demokratizatzea funtsezkoa da gazteek beren bizi-proiektua Zumarragan finkatu ahal izateko. Mugikortasuna ezin da oztopo bihurtu heztea erabakitzen duenarentzat edo beste udalerri batean lan egiten duenarentzat. Pertsona guztiok dugu erabat garatzeko eskubidea, nahiz eta gure eguneroko jomugak zuzeneko konexiorik ez izan autobusez edo trenez”.
Baina zer da TRIBBU aplikazioa eta nola funtzionatzen du? TRIBBU aplikazio mugikor bat da, komunitate bereko pertsonen arteko mugikortasun partekatua sustatzeko diseinatua, eta aukera ematen du autoz ibilbide bat egiten dutenek leku libreak eskaini diezazkieten noranzko berean ibili behar duten beste pertsona batzuei. Desplazamendu motz eta errepikakorretarako pentsatuta dago. Aplikazioaren bidez, gidariak bere ibilbidea argitaratzen du, jatorria, helmuga eta ordutegia adieraziz, eta interesdunek plaza bat eska dezakete. Plataformak bi aldeen arteko harremana antolatzen du eta dagozkion konpentsazio ekonomikoak kudeatzen ditu. Hala, ibilgailuen erabilera optimizatzen da, kostu indibidualak murrizten dira eta zirkulazioan dauden autoen kopurua murrizten da, eta horrek trafikoaren segurtasuna handitzen du. Aplikazioa intuitiboa da, eta, beraz, erabilerraza.
Zumarragaren kasuan, Udalak bere komunitate propioa sortu du aplikazioaren barruan. Komunitatea dagoeneko eskuragarri dago “Zumarragako Udala” izenpean. Sartzeko, honela egin behar da:
- TRIBBU aplikazioa deskargatzen den lehen aldia bada, gaitutako estekaren bidez egin daiteke: https://labur.eus/hia7eeeh. Aplikazioa deskargatu eta erregistratzeko prozesua amaitu ondoren, Zumarragako komunitatekoa izango zara automatikoki.
- Aplikazioa instalatuta badago, hemendik sartu behar da: Menua > Nire enpresa/Unibertsitatea > Bilatu “Zumarragako Udala” > Sartu ZUMARRAGA26 kodea.
- Kodea sartu ondoren, Zumarragako Udalarentzat sortutako komunitatearen parte izango zara eta zure bidaiak erabilgarri dauden abantaila eta hobariekin partekatu ahal izango dituzu.
Proiektu horretan, TRIBBU aplikazioak berak, Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioarekin elkarlanean, bidaia partekatuagatiko konpentsazio ekonomikoa jasotzen du, eta horri esker, gidariek 0,04 €/km ko kalte-ordaina jasotzen dute bidaiari bakoitzeko. Kopuru horri gehitu behar zaio Zumarragako Udalak bidaiari bakoitzeko 0,50€-ko hobari gehigarria ematea, jatorria eta helmuga Zumarraga duten ibilbideetan. Hasierako udal inbertsioa 1.800 eurokoa da, eta horri esker, sortutako komunitatearen barruan 3.600 bidaia partekatu diruz lagundu ahal izango dira. Eta handitu egin daiteke, behar izanez gero. Neurri horrek zirkulazioaren eta kutsaduraren murrizketan parte hartzeko pizgarria indartzen du, eta joan-etorriak zero kostuan egin ahal izatea errazten du bidaiarientzat, gidariak hala erabakitzen badu.
“Proiektuaren onurak anitzak dira. Lehenik eta behin, ingurumen-onurak, CO-emisioak murrizten baitira eta airearen kalitatea hobetzen baita. Bigarrena, segurtasunekoa, zirkulazioan dauden ibilgailuen kopurua murrizten delako, bide-segurtasuna areagotuz. Eta hirugarrenik, bidaiariarentzat aurrezki ekonomikoa eta gidariarentzat diru-sarrera sortzen du. Baina ezin dugu alde batera utzi gako garrantzitsuena: autoa partekatzeak baliabideak optimizatzeaz gain, lankidetza-kultura sustatzen du, komunitatea ehuntzen du eta garraioa Gipuzkoako barnealdeko herrien benetako gizarte-kohesiorako tresna bihurtzen du”, nabarmendu du Mendiluzek.

