Eduki publikatzailea
Atzealdea ZUMARRAGAKO UDALEKO GAZTERIA SAILAK GAZTEEN EMANTZIPAZIOAREKIN ETA AUTOENPLEGUAREKIN DUEN KONPROMISOA BERRETSI DU HAMARGARREN URTEZ JARRAIAN
2026·03·06

Zumarragako Udalak zabaldu du udalerriko gazteen emantzipazioa sustatzeko udal-laguntzak eskatzeko epea, 2026ko urtarrilaren 29an oinarri espezifikoak onartu ondoren eta otsailaren 19an Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ostean. Aurten programak 40.000 euroko aurrekontu-partida izango du —35.000 euro etxebizitzaren alokairurako laguntzetarako eta 5.000 euro autoenplegurako—, tokiko gazteen artean etxebizitzarako sarbidea errazteko eta lan-ekintzailetzako ekimenak babesteko helburuarekin.
Laguntza-programa hau 2016an sortu zen Zumarragan gazteen emantzipazio-prozesua sustatzeko helburuarekin. Ordutik, 991 zumarragarrek jaso dituzte dirulaguntza hauek, batez ere etxebizitzaren alokairura eta autoenplegua bultzatzera bideratuak.
Gazteria zinegotzi Iñaki Mendilucek nabarmendu du laguntza-programa honen jarraipena: “Udaletik gazteei laguntzen jarraitzen dugu haien bizitzako unerik garrantzitsuenetako batean, emantzipazio-prozesuan; are gehiago etxebizitza-merkatuaren testuinguru zail, baina ez gaindiezin, honetan”. Ildo horretan, Mendilucek azpimarratu du laguntza hauek “oinarrizko eskubide bat den etxebizitzaren ordainketari nolabaiteko ziurtasuna ematea” dutela helburu.
Laguntza hauek emateko oinarri espezifikoak hasiera batean 2016ko irailaren 27an egindako udal-osoko bilkuran onartu ziren. Harrezkero, laguntza hauen eskaria etengabea izan da; lehen urte hartan 20 eskaera jaso ziren. 2017an 124 eskaera erregistratu ziren, eta horrek azkeneko konpromiso-zenbatekoa 67.713,20 eurora igotzea ekarri zuen, hasierako 30.000 euroko aurrekontua gaindituz. Mendiluceren hitzetan, “Udalak beti saiatu da politika dinamismotik egiten, merkatuaren egoera zein den ulertuz eta erantzuna horren arabera egokituz; betiere behar den mailan eta inor atzean utzi gabe”. 2018an eskaria berriro handitu zen, 169 eskaerara iritsiz, eta 84.441,06 euroko zenbatekoa eman zen guztira. 2019an 161 eskaera jaso ziren; hasierako aurrekontua 83.000 eurokoa izan zen, eta azkenik 80.934,98 euro banatu ziren.
Ondoren, 2020an Eusko Jaurlaritzaren Gaztelagun programak —etxebizitzaren alokairurako laguntza ekonomikoak emateko— martxan jartzeak eragin zuen “Udalaren dirulaguntza-ildoak tokiko etxebizitza-politiken azken baliabide bihurtzea; hau da, 2020tik aurrera laguntza hauek soilik erabiltzen dira Denis Itxasok zuzentzen duen Etxebizitza Sailaren laguntzek erantzunik ematen ez duten kasuetan”, azaldu du Gazteria zinegotziak. Hurrengo urteetan, “eskaria, berez funtsezkoa izan arren, eskatzaile kopuruari dagokionez murriztu egin da bi arrazoirengatik: lehenik, azaldu den bezala, udalaren ekimena Eusko Jaurlaritzarena baino subsidiarioa izateagatik; eta, bigarrenik, alokairu-merkatuaren egoeraren ondorioz, eskuragarri dauden etxebizitza gutxiago egoteak politika honen onuradun izan daitezkeen pertsonen kopurua ere murrizten duelako”.
Horrela, 2021ean 103 onuradun aitortu ziren; 2022an 81; 2023an 90; 2024an 72; eta 2025ean 65. Azken urte horretan, 61 eskaerak etxebizitzaren alokairurako laguntzak jaso zituzten eta lauk autoenplegurako, guztira 28.170,25 euroko zenbatekoarekin. Eguneroko errealitatera egokitzeko beste adibide gisa, 2024an Udalak programaren oinarriak eguneratu zituen alokairuaren prezioaren igoeraren ondorioz. Sartutako aldaketen artean, diruz lagundu daitezkeen etxebizitzen alokairuaren gehieneko muga 600 eurotik 650 eurora igo zen hilean, eta laguntzaren gehieneko zenbatekoa hilean 300 eurora handitu zen; betiere alokairuaren kostuaren %50eko muga mantenduz.
2026ko ekitaldirako, Udalak programa honi eusteko konpromisoa berresten du eta, azaldu den bezala, aurrekontu-partida handitzeko aukera aurreikusten du, dirulaguntza jasotzeko eskubidea duten eskaeren kopuruak hasieran aurreikusitako kreditua gainditzen badu. Oinarriak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, zabalik dago Zumarragako gazteek beren eskaerak aurkezteko epea, bai etxebizitzaren alokairurako laguntzetarako, bai autoenplegurako. Laguntza hauek jaso ahal izango dituzte Zumarragan erroldatuta dauden 18 eta 35 urte bitarteko gazteek, Udalarekin dituzten betebeharrak egunean badituzte eta antzeko beste laguntzarik jasotzen ez badute. Alokairuaren kasuan, udalerrian kokatutako etxebizitza baten alokairu-kontratuaren titular izan beharko dira eta bertan ohiko bizilekua izan; autoenpleguaren kasuan, berriz, Gizarte Segurantzan eta Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta emanda egon beharko dute, jarduera eta egoitza soziala Zumarragan kokatuta izanik.
Informazio gehiago, egin klik hemen

