Eduki publikatzailea

Atzealdea ZUMARRAGAN IZANGO DA EITBKO OHOLTZAN SAIOA

Larunbat honetan, ekainaren 7a, Euskadi plazak aire zabaleko dantza gaua hartuko du, Ilaski Serranok aurkeztutako Oholtzan saioaren zuzeneko grabazioarekin

2025·06·02


ZUMARRAGAN IZANGO DA EITBKO OHOLTZAN SAIOA

Larunbat honetan, ekainaren 7a, Euskadi plazak aire zabaleko dantza gaua hartuko du, Ilaski Serranok aurkeztutako Oholtzan saioaren zuzeneko grabazioarekin

Larunbat honetan, ekainaren 7an, 22:00etatik aurrera, Euskadi plaza dantzarako eszenatoki handi bihurtuko da EITBk ekoitzitako Oholtzan programaren grabazioari esker. Musika, antzerkia edo dantza ikuskizunak Euskal Herriko hainbat txokotan eskaintzen dituen telebista espazioa da, eta oraingoan Zumarraga izango da aukeratutako agertokia.

Ikuskizuna Ilaski Serranok aurkeztuko du, eta kalitate handiko zuzeneko esperientzia eskainiko zaio publikoari, bai eszenaratzeagatik bai taula gainean batuko diren estilo ezberdinengatik. Ibilbide luzeko talde eta eskoletako kideek hartuko dute parte, hala nola: Dantzaki (Jose Maria Orbegozo-ren dantza eskola), Irrintzi Dantza Taldea, Danza Libre Bilbao, Carlos Zapirain dantza eskolakoak eta Donostiako Kandela’s Swing Corner taldea.

Zumarragako Udaletik herritarrak animatu nahi ditugu kalitatezko proposamen kultural honetaz gozatzera: tradizioa, estilo aniztasuna eta tokiko talentua uztartzen dituen ikuskizun paregabea izango da, EITBren ekoizpen profesionalaren bermearekin.

Aldaketak Zumarragako Azokaren kokapenean

Ekitaldiaren eszenatokia muntatzeko eta behar teknikoak betetzeko, Zumarragako Azokan ohiko moduan plazaren kanpoaldean jartzen diren postuak aldi baterako Trintxerara eta Frontoira lekualdatuko dira. Trintxeran ehungintzako, oinetako eta bestelako produktuak saltzen dituzten postuak egongo dira eta Zelai Ariztiko Frontoiean berriz, fruta, gozoki eta elikadurarekin zerikusia dutenak.

Baserritarren eta tokiko ekoizleen postuak, berriz, Euskadi plazako Azoka gunean egongo dira ohiko moduan.

Aldaketa horien aurrean herritarren ulermena eta lankidetza eskertu nahi ditugu, eta ekimen kultural, ikusgarri eta berezi honetaz elkarrekin gozatzera gonbidapena luzatzen dizuegu.