Eduki publikatzailea
Atzealdea ZUMARRAGAREKIN 2026: ZUMARRAGAK TOKIKO GARAPEN EKONOMIKOAREN ETA MERKATARITZAREN ALDEKO APUSTUA INDARTU DU
2026·04·29

Zumarragako Udalak gaur goizean aurkeztu du ZumarragarEKIN laguntza programaren edizio berria. Urtez urte sendotuz joan den ekimen honek 2026an ere udalerriko garapen sozioekonomikoa sustatzen jarraituko du, tokiko enpresa-sarea, merkataritza, ekintzailetza eta zumarragako familiak babestuz.
Deialdi berri honen aurkezpenean, Zumarragako alkate Mikel Serranok programa honek duen balio estrategikoa azpimarratu du: “Urte hauetan guztietan, ZumarragarEKIN funtsezko tresna bihurtu da tokiko ekonomia indartzeko, aukerak sortzeko eta egunero Zumarraga dinamikoago, lehiakorrago eta etorkizun handiagoko herri bihurtzen laguntzen duten pertsona eta eragileei babesa emateko”.
2016an martxan jarri zenetik, ZumarragarEKIN programak ia 600.000 euro bideratu ditu dirulaguntza zuzenetan, eta gaur egun udalerriaren garapen ekonomikoa sustatzeko udalaren laguntza-ildo nagusietako bat bihurtu da. Programaren helburua aukerak sortzen jarraitzea da, berrikuntza, merkataritzaren modernizazioa eta gertuko jarduera ekonomikoa sustatuz, aldi berean herriaren sustraitasuna eta bizitasun soziala indartzen lagunduz.
Aurkezpenean zehar, alkateak programako hainbat laguntza-ildoren bilakaera positiboa nabarmendu du.
- ZuEKIN Berritu programaren kasuan, enpresen berrikuntza eta modernizazio prozesuak sustatzera bideratua dagoena. Horrek tokiko merkataritzak gaur egungo behar eta kontsumo ohituretara egokitzeko egiten duen ahalegina erakusten du.
- Era berean, ZuEKIN Hazi programaren sendotzea nabarmendu da. Merkataritza-establezimenduetan eta lehen sektoreko jardueretan hobekuntza eta egokitzapen inbertsioak sustatzen dituen laguntza-ildo honek aukera eman du Zumarragako saltoki eta negozio txiki askok modernizazioan, egokitzapenean eta hobekuntzan aurrera egiten jarraitzeko, gaur egungo herritarren beharrei erantzuteko prestatuago dagoen merkataritza-sare modernoago eta lehiakorrago bat indartuz. Azken urteetan izandako bultzada azpimarratu da bereziki, ehungintza, estetika eta elikadura sektoreetan
- Programaren ardatz nagusietako bat izaten jarraitzen du ZuEKIN Eskolara ekimenak ere. Laguntza-ildo honek familien babesa eta gertuko merkataritzaren dinamizazioa uztartzen ditu. 2018an sortu zenetik, tokiko saltokietan eragin ekonomiko handia izan du, batez ere eskola-materialaren eta kirol-materialaren erosketan. Udalak nabarmendu du laguntza honen jarraitutasunak hezkuntzarekiko, aukera-berdintasunarekiko eta familien ongizatearekiko udal konpromisoa erakusten duela.
- ZuEKIN Sortuz programak ekintzailetza eta enplegu sorrera sustatzen jarraitzen du, tokiko ekonomia berritzen eta dibertsifikatzen laguntzen duten jarduera berriak bultzatuz eta aukera berriak sortuz.
- Bestalde, ZuEKIN Merkatari laguntzak merkataritza eta lehen sektoreko ekintzailetza sustatzen du, negozio berrien sorrera, belaunaldi-erreleboa eta saltoki berrien irekiera babestuz, herriko jarduera ekonomikoari jarraipena eta bizitasuna emanez.
- ZuEKIN Berpiztu programaren bidez, kale mailako lokal hutsen dinamizazioa sustatzen da, erabilera berriak eta negozio aukera berriak ahalbidetuz eta herriko merkataritza-sarea biziberritzen lagunduz.
2026ko deialdiak udalerriaren beharrei erantzuteko diseinatutako laguntza-ildo ezberdinak mantentzen ditu: enpresa-berrikuntza, ekintzailetza, merkataritzaren modernizazioa, belaunaldi-erreleboa, hutsik dauden lokalen aktibazioa eta tokiko kontsumoaren sustapena.
Mikel Serranok adierazi duenez, “ZumarragarEKIN tokiko garapena ulertzeko modu bat da, gertutasunean eta elkarlanean oinarritua, gure enpresak, saltokiak eta familiak lagunduz, guztion artean aukera, kohesio eta etorkizuna dituen herria eraikitzen jarraitzeko”.
ZumarragarEKIN 2026 programarekin, Zumarragak berrikuntzaren, ekintzailetzaren eta tokiko dinamizazio ekonomikoaren aldeko konpromisoa berresten du, etorkizuna, aukerak eta etengabe eguneratzen eta indartzen ari den gertuko merkataritza bizia duen udalerri gisa sendotuz.
Laguntza-eskaerak udalaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu ahal izango dira, laguntza-ildo bakoitzean ezarritako epeen barruan.

