Eduki publikatzailea

Atzealdea ZUMARRAGAREN ETA KOSTALDEAREN ARTEKO BIDEGORRIA GERO ETA GERTUAGO DAGO ERAKUNDEEN ARTEKO LANKIDETZARI ESKER

Mikel Serrano alkateak Narrondo-Iraeta bidegorriaren 1. eta 2. zatien inaugurazioan eta 3. zatiaren aurkezpenean parte hartu du. Urola Bide Berdea Zumarraga eta Zumaia artean osatzeko funtsezko proiektua da

2026·07·08


Mikel Serrano Zumarragako alkateak gaur goizean parte hartu du Narrondo-Iraeta bidegorriaren 1. eta 2. zatien inaugurazioan eta 3. zatiaren aurkezpenean. Azken horren lanak datozen asteetan hasiko dira. Jarduketa hau beste aurrerapauso bat da Zumarraga eta kostaldea, Azkoitia, Azpeitia, Zestoa eta Zumaia lotuko dituen bidegorria osatzeko.

Ekitaldian, Zumarragako alkateaz gain, halaber, Mikel Arregi Zestoako alkatea; Argi Yeregi Zumaiako alkateordea eta Hirigintza zinegotzia; José Ignacio Asensio Jasangarritasun diputatua; Loly de Juan Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriko Sailaren Garraio Azpiegituren zuzendaria; Imanol Orbegozo Gipuzkoako Foru Aldundiko Trantsizio Ekologikoko teknikaria; eta Antonio López, Euskal Trenbide Sareko (ETS) zuzendari nagusia izan dira.

Jarduketak guztira 4,3 kilometro izango dituen bidegorri berria hartzen du. Amaituta dauden 1. eta 2. zatiek 2,73 kilometro dituzte, eta 1,57 kilometroko 3. zatia datozen asteetan hasiko da eraikitzen. Inbertsio osoa 4,3 milioi eurokoa da, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatua eta Next Generation eta FEDER Europako funtsen laguntzarekin finantzatua.

Zumarragarentzat onura zuzena izango duen inbertsioa

Obrak Zumaia eta Zestoa artean egiten ari diren arren, haien onurak zuzenean iritsiko dira Zumarragara ere. Zati berri bakoitzarekin gero eta gertuago dago Gipuzkoako barnealdea eta kostaldea lotuko dituen bidegorri jarraitua errealitate bihurtzea, herritarrei oinez edo bizikletaz modu seguruago, erosoago eta jasangarriagoan mugitzeko aukera eskainiz.

Mugikortasuna hobetzeaz gain, azpiegitura honek Zumarragaren erakargarritasun turistikoa indartuko du, eta aukera berriak sortuko ditu tokiko merkataritzarentzat, ostalaritzarentzat eta udalerriko jarduera ekonomikoarentzat.

Erakundeen arteko lankidetzaren emaitza

Zumarragako Udalak nabarmendu nahi izan du Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta gainerako erakundeen arteko lankidetzak izan duen garrantzia Urola bailarako proiektu estrategiko hau aurrera eramateko.

Lankidetza horri eta egindako inbertsioari esker, Zumarragak bere lotura hobetuko du gainerako udalerriekin eta kostaldearekin. Urola Bide Berdea amaitzen denean, Zumarraga eta Zumaia lotuko dituen ia 50 kilometroko bidegorri jarraitua izango da, mugikortasun jasangarria sustatuz eta lurraldearen kohesioa indartuz.