Eduki publikatzailea
Atzealdea

Erabilera bakarreko poltsak saihesteko eta berrerabili daitezkeen poltsak erabiltzeko sentsibilizazio kanpaina

Urola Garaiko Garapenerako Agentziak, Legazpi, Urretxu eta Zumarragako udalekin batera, erabilera bakarreko poltsak saihesteko eta berrerabili daitezkeen poltsak erabiltzeko sentsibilizazio kanpaina abian jarriko dute.

2021·06·04


Maiatzaren 31tik, uztailaren 23 a bitarte iraungo duen kanpaina honek gure herrietako fruta eta barazki saltokietan jarriko du batez ere indarra. Poltsak arazo bihurtu direla argi daukagu denok; nork ez ditu ikusi gure erreka bazterretan zuhaitzetatik zintzilikario moduan?... baina nondik hasi? UGGASAK, Udalek eta hiru herrietako 17 dendarik argi dute: erabilera bakarreko poltsen ordez, berrerabilgarriak diren poltsak erabiltzean dago gakoa. Lehen pauso horretan laguntzeko, dendariek 3 udalek oparitu dizkieten fruta eta barazkietarako poltsa berrerabilgarriak banatuko dituzte beren bezeroen artean. 8.000 poltsa baino gehiago banatuko dira kanpainak irauten duen epean. Keinu txiki bat dirudien arren, ohitura bihurtzea da helburua eta horretarako herritarren partehartzea beharrezkoa denez, pizgarri berezia izango da kanpainak irauten duen bi hilabete hauetan: Erosleak solte, edo berrerabilgarriak diren poltsetan fruta edo barazkiak erosten dituen bakoitzean, lehenengo erosketarekin banatuko zaion txartel batean zigilua jarriko diote. 6 zigilu edukitzean, uztailaren 25ean bertako produktuz osatutako 3 saskiren zozketan parte hartu ahal izango du (herri bakoitzean saski bana). Kanpaina honetan parte hartzen duten dendarien berri izango dute herritarrek, bertan topatuko dituzten informazio kartel eta erosketak beste modu batean egiteko hausnarketarako txartelen bidez. Kanpainak dirauen bitartean, sare sozialen bidez iradokizunak, denda partehartzaileak, eta zozketan irabazle suertatutakoen izenak ezagutaraziko dira ere.

Zumarragan parte-hartzailea:

Alimentación Sefe, Ametsa, Atlas, Azan, Josune janari-denda eta Frutas Martínez.