EUSKARALDIA: ESKERRIK ASKO EUSKARA GEHIAGO, GEHIAGOREKIN ETA GEHIAGOTAN ERABILTZEAGATIK
2020·12·11
Urola Garaiko Mankomunitatetik herritar guztiak zoriondu nahi zaituztegu Euskaraldiaren bigarren edizio berezi honetan erakutsi duten jarrera eta parte-hartzeagatik. Euskaraldiko 15 egun horietan asko izan zarete, ahobizi nahiz belarriprest txapa soinean, euskaraz gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egin duzuenak. Zuek izan zarete protagonistak, baina, bide batez, eskerrak eman nahi dizkiegu baita ere Euskaraldia sustatzen eta egitaraua antolatzen jardun duzuen herritar guzti-guztioi.
Lortutako emaitza txalogarria izan da, noiz eta pandemia garai betean. Izan ere, 2.694 herritar inguruk hartu dute parte ekimenean, % 21,64 belarriprest eta % 78,35 ahobizi. Aurtengoan, baina, entitateek ere hartu dute parte, eta Urola Garaian, 277 entitatek eman dute izena, eta guztira, 740 arigunetik gora izan ditugu. Bejondeizuela!
Bigarren edizio honetan, “arigune”-ek erraztu dute entitateetan euskaraz aritzeko bidea. Horregatik guztiagatik, Urola Garaiko Mankomunitateak, herritarrei ez ezik, bere esker ona adierazi nahi die Urola Garaiko entitate guztiei Euskaraldia aurrera eramateko erakutsitako prestasunagatik.