Eduki publikatzailea
Atzealdea

Euskaraldia: euskararen erabileran eragin nahi duen ariketa soziolinguistikoa

Azaroaren 20tik abenduaren 4ra euskararen aldeko hizkuntza ohituretan eragin nahi da gure herrietan ere.

2020·11·20


Gaur, azaroak 20, hasiko da Euskaraldiaren bigarren edizioa. 15 egun (eta gau) izango ditu abenduaren 4ra arte, eta Zumarragako Udaletik, lehenik eta behin eskerrak eman nahi zaizkie izena eman duten herritar eta entitate guztiei, eta gonbidapena luzatu oraindik izena eman ez dutenei hizkuntza ohituretan eragitea asmo duen ariketa honetan parte-hartzera.

Lehen edizioan, norbanako moduan parte-hartzeko gonbidapena luzatu zitzaigun herritar orori, eta bigarrengo edizioan, norbanakoez gain, entitateei (enpresa, elkarte, denda, klub, asoziazio…) ere aukera eman zaie kolektiboki parte hartzeko. Baldintza bakarra entitateen barnean guztiek euskaraz ulertzen zuten espazioren bat izatea (arigunea). Bada, baldintza horrekin ere, Urretxu-Zumarragako 200 entitatek eman dute izena, eta entitate horiek 600 arigune eskainiko dizkigute euskaraz lasai aritzeko. Ezagutu nahi dituzue? Bideo honetan guztiak ikusgai: 

 

 

Eskerrik asko guztioi!

 

Norbanakoen, hau da, herritarron izen-emateari dagokionez, gaur gaurkoz, Urretxu-Zumarragan 1666 herritarrek eman dute izena. Kopuru harrigarria bizi dugun egoera ikusita. Udaletik eskerrak eman nahi zaizkizue guzti-guztioi zuen borondateagatik, eta gonbidapena luzatu oraindik izena-eman ez duzuenoi. Izena-emateko epea, azaroaren 24ra arte luzatuko da (barne), eta helbide honetan egin dezakezue: www.euskaraldia.eus . Izena eman ondoren, txapak jasotzeko, bakoitza bere kultur etxera gerturatu beharko da. Zelai Ariztiko ordutegia: goizez, 9:30 – 13:00 eta arratsaldez 15:00 – 18:00 (ostegunak izan ezik). Herritarren batek ezin badu webgunetik izena eman, kultur etxeko harreran lagunduko zaio.

Kultur etxeko harreraz gain, bihar larunbata –azaroak 21-, Urretxu-Zumarragako Euskaraldiko Talde Motorrak mahai jarriko du Zelai Arizti antzokiko txarteldegiaren ondoan izen-emateak lagundu, txapak banatu eta Euskaraldiko banderolak eskaintzeko.

Bukatzeko, hauxe duzue Urretxu-Zumarragako Talde Motorrak bi udalen laguntzaz adostu duen egitaraua ondorengo egunetarako:

ZUMARRAGA ETA URRETXUKO EGITARAUA:

-Azaroaren 20a, 20:00 Balkoietan banderola jarri, txalo jotzea eta mobilarekin argia zabaltzea.

-Azaroaren 26a, 19:00 "Txor-txor" Bakarrizketa Labeaga aretoan.

-Abenduaren 3a, 19:00  "Euskañolitis" bakarrizketa Zelai Ariztin.

-Abenduaren 4a, 20:00 Euskal Herrian Euskaraz abestu, eta amaierako txalo jotzea.

-Abenduaren 12a, 19:30 Lucio Gabiriaren aldeko bertso saioa.

 

On-line bidezko agenda zabalagoa izango da, baina hori sare sozialen bidez zabalduko dugu: https://www.facebook.com/Zumarragako-Euskaraldia-444969985989387/

 

Ondo hasi Euskaraldia eta ea gehiagok, gehiagorekin, gehiagotan euskara erabiltzeko balio digun.