Eduki publikatzailea
Atzealdea

Euskaraldirako izen-emateak goraka jarraitzen du gure herrietan

Bi herrietako herritarrek ia 600 arigune izango dituzte 200 entitatetan banatuak euskaraz lasai aritzeko Euskaraldiko hamabost egunetan.

2020·11·06


Iraila amaitzerako ia 200 entitatek eman zuten izena gure bi herritan: merkatari, ostalari, enpresa, kirol eta kultur elkarte… Entitate horiek ia 600 arigune sortu dituzte, zeinetan herritarrok lasai hitz egin dezakegun euskaraz.

Datu horiek ikusirik, Zumarragako Udal Gobernuak oso balorazio positiboa egiten du Zintzo-mintzo elkartearekin adostutako hitzarmena ematen ari den fruituez administrazio publiko eta eragile sozialen arteko elkarlana goraipatuz.

Esaterako, Zumarragako udaletxeak 11 arigune izango ditu: herritarren harrera, udaltzaingoa, zerga bilketa, gizarte zerbitzuak, kultur etxea, kiroldegia, alkatetza, idazkaritza, hirigintza, kontu-hartzailetza eta bake epaitegia, eta, bide batez, gogora ekarri nahi da zerbitzu horiek ez soilik Euskaraldiko hogei egunetan, baizik eta urte osoan eskaintzen diotela herritarrari euskaraz zerbitzatua izateko eskubidearen aitortza, eta hasi eta buka zerbitzua euskaraz eskaintzeko aukera.

Bi aste eskas falta dira azaroaren 20an Euskaraldia hasteko, eta oraindik aukera dago norbanako moduan izena emateko. Bi udalen artean 1000 izen-emateen langa gainditu dugu eta aurreikustekoa da hurrengo egunetan ere datuak gora egingo duela. Izena emateko nahikoa da www.euskaraldia.eus webgunean sartu eta datuak ematea. Zumarragarrek Belarriprest eta Ahobizi txapak Zelai-arizti kultur etxean jaso ditzakete goizez 9:30 – 13:30 edo arratsaldez 15:00 – 18:00 (ostegunak izan ezik).

Azkenik, Euskaraldiaren inguruko edozein zalantza, jarri Udaleko Euskara Zerbitzuarekin harremanetan: 943 729153 euskara@zumarraga.eus.