Eduki publikatzailea
Atzealdea

SEXU ASKATASUNAREN NAZIOARTEKO EGUNA

Ekainaren 28ko ADIERAZPEN INSTITUZIONALA

2020·06·28


LGTBI kolektiboa, berriro biltzen da ekainaren 28an, aurten ere, euskal gizartearen aurrean eskubideak eta bizikidetza aniztasunetik aldarrikatzeko., 1969ko ekainaren 28an, joan den urtean 50. urteurrena ospatzen ari ginela, Stonewalleko errebolta gertatu zen New Yorken, eta data hori bihurtu da, urtero, gure aldarrikapenak eta lorpenak agerian jartzeko eguna; ezinbestean, data hori izan behar da oraindik lortu gabe dugun guztia agerian jartzeko eguna ere.

ZUMARRAGAko Udalak eskerrak eman nahi ditu bizitza eta ahaleginak eman dituzten pertsona guztiei sexu-askapenaren aldeko borrokaren alde, eta, gaur egun, gizartea sentsibilizatzeko, kontzientziatzeko eta eraldatzeko lana antolatzen eta gauzatzen jarraitzen dutenei. Era berean, hemen eta gure mugetatik kanpo isilik irauten duten pertsona guztiak aitortu eta ahaldundu nahi ditu. Eta oso bereziki 2020. urte honetan, hain ohikoa ez den egoera bat bizitzen ari garen honetan.

Mundu guztian zehar etxeetako itxialdi orokorrera behartu gaituen pandemiak, kolektiboko pertsona asko erabateko babesgabetasunera eta ikusezintasunera eraman ditu. Eman diren egoera askoren artean, arreta jarri nahi dugu beren bizikidetza-ingurunean armairuan berriz gordetzeko betebeharra ikusi duten pertsona guztiengan, bai eta hurbileko pertsonen zainketen zama beren gain hartzen duten eta honengatik, aldi honetan bereziki bakardadea eta urruntasuna jasan duten LGTBI kolektiboko pertsona guzti horiengan.

ZUMARRAGAko Udalean argi dugu ezin dela adi egoteari utzi. Azken urteotan, agerikoa da faxismoa defendatzen duten taldeen itzulera eta foro publiko jakin batzuetatik ere egiten diren saiakerak, LGTBI kolektiboaren eskubideei buruzko zalantzaren hazia mahai gainean jartzea, bai eta pertsona guztien berdintasunari buruzkoa ere. 

Horregatik uste dugu berebiziko garrantzia dutela bizitza eta eskubideak babesten dituzten lege arau berrituak. Oso garrantzitsua da, halaber, LGTBI kolektiboaren egungo errealitatea ezagutzea, hiri-zurrumurru eta -kondairez gain, egiaztatutako eta kuantifikatutako datuekin.

Ikusgaitasun lesbiko, trans eta bi-en egunak, trans despatologizazioaren aurkakoak, LGTBIfobiaren kontrakoak... bat egiten dute gaur egun, garen bezala izatearen eta nahi dugun bezala desiratzearen harrotasunaren aldarrikapenean, bakoitza bere erara, denak eta anitzak.

Hori dela eta, ZUMARRAGAko Udaletik pertsona guztiei egun hau sexu-askapenaren alde egiten ari garen aurrerapen guztiak ospatzeko aprobetxatzera animatzen ditugu.

Aurten, Arrotasunaren eguna LTB emakumeen berdintasunerako borrokara bideratuta dago, bere eslogana “2020, LTB Emakumeak: Ahizpatasuna eta Feminismoa”. LGTBI mugimenduan emakumeak ikusezinak bihurtu dira, batzuetan ahaztuak ere izan direlarik.

Hortaz, Urola Garaiko Udal Elkarteko eremuan, ZUMARRAGAko Udalak, honakoa adierazten du:

1. Giza eskubideekin dugun konpromisoa berresten dugu, baita aniztasun sexualaren, genero identitatearen eta orientazio sexualaren arabera jendea ez diskriminatzearekin ere. Egin diren aurrerapausoak aitortzeaz gain, berresten dugu egun oraindik dauden barrerak gainditzeko gure erabakia.

2. Aniztasun sexualaren aldeko eta orientazio sexualaren edo genero identitatearen arabera pertsonak ez diskriminatzeko politiketan apustu egiteko beharra adierazten dugu. Horretarako programak garatu behar dira, harrera proiektuak, informazioa, formazioa, sentsibilizazioa eta kontzientziazioa. Horrela lortuko dugu gure herriak gune seguruak izatea aniztasun sexualarentzako bere adierazpen guztietan.

3. Edozein motatako erasoa gaitzesten dugu gure udalerrietan; indarkeria fisikoa edota hitzezkoa, umiliazioa edota LGTBI pertsonekiko gutxiespena. Horregatik, konprometitzen gara:

a) Askatasun sexualaren alde lan egiten duten taldeei eta elkarteei eta zehatzago, LGTBI kolektibo eta berdintasunaren arloan lan egiten dutenei gure laguntza eskaintzera.

b) Herritar guztiei zuzendutako sentsibilizazio eta kontzientziazio kanpainak bultzatzera.

c) Ekainaren 28ko aldarrikapen eta ospakizuna ikusgai egitera; horretarako udaletxeko balkoian ortzadar bandera zintzilikatuko da eta gainera urtetik-urtera LGTBI kolektiboaren eskubide eta askatasunerako ekintzak gehitzen joango dira.

d) LGTBI Kolektiboa identifikatzen duten taldearen sinboloak agerian jartzeko gero eta espazio gehiago jartzera, horretarako herriko paisaiarekin bat egin eta aldarrikapena urte osoko ekintza izan dadin.

e) COVID-19ak ekarri digun errealitate berriaren inguruko lanketa egitera, berdintasunezko gizarte askeago bat eraikitzeko.

f) Hurrengo III. Berdintasun Planean LGTBI pertsonen berdintasunerako ekintzak txertatzera, Hezkidetza Planaren baitan hezkuntzaren alorrean egiten ari den lanarekin jarraituz.

g) Emakume bisexualei, lesbianei eta transexualei lotzen zaizkien estereotipoekin amaitzeko neurriak bultzatzeko lan egitera.