Eduki publikatzailea
Atzealdea

Urtubiko baratze parkea uzta biltzeko eta ereiteko ireki da

Udalak Urtubiko baratze parkea erabiltzeko baldintzak arautzen ditu alarma egoerak irauten duen bitartean.

2020·04·16


Joan den apirilaren 15ean martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren 05 berrikuspena argitaratu zen. Bertan, nekazari ez-profesionalei baratzeetara sartzeko baimena ematen zitzaien, eta Zumarragako Udalak, Zumarragako Baratze Parkeko erabiltzaileekin harremanetan jarrita, baratzetara sartzeko baldintzak zehaztu ditu.

Baldintza horiek astero berrikusiko dira, eta jasotako jakinarazpenean adierazten den bezala baratze parkera baratzeen titularrak bakarrik joan ahal izango dira, eta titular izaera justifikatu beharko dute kontratua aurkeztuta.

Baldintzak ondorengoak dira:

  • Etxola itxita egongo da, eta bertan dagoen materiala ezingo da erabili.

  • Debekatuta dago tresna partekatzea. Erabiltzaile bakoitzak berea eraman beharko du.

  • Txandak errespetatu beharko dira.

  • Gutxienez 2 metroko distantzia mantendu behar da beste erabiltzaileekiko.

  • Eskuak maiz garbitu beharko dira.

  • Lanak egiteko behar den denbora bakarrik egon ahal izango da parkean.

  • Baratzeen titularrak bakarrik joan ahal izango dira parkera, eta kontratua aurkeztuz justifikatu beharko dute titular izaera

  • Erabiltzaile bakoitzak bere segurtasuna zainduko du, bai eta parkeko gainerako erabiltzaileena ere.

  • Baldintza horiek betetzen direla kontrolatuko da.

 

Udalak Baratze Parkeko erabiltzaileek egun hauetan erakutsi duten jarrera eta pazientzia eskertu nahi du eta, ahal den neurrian, adostutako egutegia betetzea eta txandaka joatea gomendatzen du, jendea pilatzea saihesteko.

 

Era berean, eskaerarik edo iradokizunik balego, elkartearen ordezkariaren bidez egin beharko dira, banaka aztertzeko.