Eduki publikatzailea
Atzealdea

ZUMARRAGAK BONU KANPAINA MARTXAN JARRIKO DU AZOKAN KONTSUMITZEKO

Udalak, Zumarragako Azokaren alde egiten duen apustua irmoa da, eta ekintza hau horren erakusgarri.

2020·12·04


Ekonomia Sustapen, Toki Garapen eta Berrikuntza zinegotziak, Rosa Maizak, azokako postuetan kontsumoa sustatzeko kanpaina berri bat aurkeztu du. Kanpainan, 580 bonu jarriko dira salgai, 20 €koak, eta bertara atxikitako lanpostu guztietan kontsumitu ahal izango dira.

Zumarragako Azokak azken urteotan baserritarrekin, merkatariekin, udalerriko eragile sozioekonomikoekin eta Udaleko teknikariekin batera eraikitako ekintza-plan bat egin du. Horren adierazle nabarmenena Markaren sorrera eta espazioaren beraren hobekuntzan izaten dira, "baina haratago doa Azoka: zeren, izan garenaz, gaur garenaz eta izango garenaz hitz egiten du.

“Ez dugu ezagutzen antzeko ekimenen bat gauzatu duen udalerririk, baina ziur gaude Azokan merkataritza tradizionalean erabiltzen diren estrategia berberak aplika ditzazkegula bere etorkizuna bideratzeko, eta uste dugu kanpaina hau abian jartzeak erakusten duela esandako hori posible dela.”

Ondoren, Rosa Maizak kanpainaren ezaugarri zehatzak azaldu zituen.

ZuEKIN-AZOKA bonuak, programarekin bat egiten duten Azokako postuetan gastatzeko erosketa-bonuak dira. Horretarako, baldintza batzuk bete beharko dituzte, besteak beste, Zumarragako Azokako erroldan agertu beharko dute edota EJZn alta emanda egon beharko dute.

Izatez, programaren oinarriak asteazkenean argitaratu ziren GAOn, eta postuen atxikimenduak jasotzen ari gara.

Bonuek 20 €ko balioa izango dute, eta udalerrian bizi eta adinez nagusi diren pertsonek 10 €ordainduta eskuratu ahal izango dituzte. Ahalik eta erosle gehienengana iritsi ahal izateko, pertsona bakoitzeko bono 1 baino ez da eskainiko.

Azoka egin aurreko, ostegunero eta ostiralero eskuratu ahal izango dira aurrez Zelai Arizti kultur etxean 9: 30-14:30 ordutegian eta larunbatean bertan –ohiko azoka egunean- ere bai udaletxeko arkupeetan jarriko den postuan.

Bonuak erabiltzeko epea 2020/12/12tik 2021/01/09ra bitartekoa izango da, hau da, Gabon-aldi osoan, eta programari atxikitako postuetan soilik erabili ahal izango dira, postuek, horiek identifikatzeko kartel bat izango dute ikusgai.

Bonua osorik gastatzen laguntzeko, 5 €ko 4 txarteletan zatitu da. Horrela, kalkulatzen da, azokari gutxienez 11.600 €ko sarrera bermatzen ari garela.

“Formatu hori aukeratu dugu, aurten Zuekin Eskolara laguntzetan erabili dugun berbera delako, eta erosleek zein establezimenduek oso positiboki baloratu dutelako, jakin badakigu-eta administratiboki asko arintzen duela dirua sektorera azkar iristeak”.

“Espero dugu kanpaina honek, EuskadiBonoDenda kanpainak egin duen bezain ondo funzionatzea, eta udalerriko herritarrak ere Azokara hurbiltzea Gabonetako erosketak egitera, bertan kalitatezko produktuak eta hemengoak lortuko baitituzte" adierazi zuen Rosa Maizak bukatzeko.