Eduki publikatzailea
Atzealdea

Zumarragako Azoka normaltasun berrira egokitzen doa.

Lehen minututik, udalaren lehentasuna erosleen eta saltzaileen segurtasuna bermatzea izan da.

2020·06·26


COVID-19ren krisiaren eraginez, eta Azoka bi aldiz bertan behera uztera behartuta egonik; lehenengoan alarma-egoerarengatik, eta bigarrenean Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako aginduaren ondorioz. Zumarragako Udala izan da ezarritako % 30eko ehunekoetara ez mugatzeko lekuak eta alternatibak bilatu dituen lehen udaletako bat.

Baserritarrak eta merkatuko saltzaile guztiek bizi zuten egoera korapilatsuaz jabetuta, Azoka eratzen joan da argitaratzen ari ziren araudi desberdinen arabera, eta baliabide guztiak jarri dira jarduerari ahalik eta lasterren ekin ahal izateko.

Udalak bere gain hartu zuen prebentzio-neurriak betetzeko beharrezkoak ziren higiene- eta osasun-produktuak erostea. Pertsonen arteko eta salmenta-postuen arteko distantzia bermatuko duten sarbideen kontrolarekin batera.

Era berean, ordenantza fiskala aldatu da, bigarren hiruhilekoan % 100eko hobaria emateko, eta gainerako hiru kuoten % 100 berreskuratzea ahalbidetuko duten laguntzak jarri dira abian, udal-tasarik ordain ez dezaten.

Hasieratik landu den espazioen berregituraketarekin jarraituz, gogorarazi behar da, egungo araudiak merkatuak postuen % 60rekin jar daitezkeela martxan ezartzen duen arren, Zumarragak 5380m2 dituela hiru espaziotan banatuta, horrela, postuen %100ari saltzeko aukera emateko.

Herritarren eta saltzaileen eskaerei jarraituz, larunbat honetan bertan Azokak beste urrats bat emango du eta zenbait berrikuntza izango ditu; sarbide-kontrolak eta barne-ibilbideak kenduko dira, espazioetara arinago sartu eta bertatik zirkulatu ahal izateko, betiere pertsonen arteko 1,5 m-ko distantzia errespetatuz eta erosleek zein saltzaileek maskara erabiltzea derrigorrezkoa izanik. Nabearen barruan, saltzailearen aurrean jarri ahal izango dira produktuak, eta nahitaez egon beharko dira gela eta eskularruak postu guztietan. Era berean, Jai-Alai kaletik Plazara eta Zelai Arizti pilotalekura sartzea baimenduko da, erosleen joan-etorria errazteko.

Adinekoek lehentasuna izango dute 8:30etatik 10: 30etara, eta segurtasun-neurriak betetzen direla zaintzeko informazio-kartelak jarriko dira.

Postu bakoitzak bere ohiko metrajea berreskuratzeko asmoz, postuen arteko distantziak murriztea aurreikusten da datorren larunbaterako, hilak 4. Erabaki horri esker, 19 postu jarriko dituzte kristalezko eremuan, eskaerei erantzunez.

Hori da Zumarragako Azoka proiektuan identifikatutako erronketako bat, eta behin "normaltasuna" berreskuratuta, heldu beharreko lehentasunetako bat izango da. Horrekin batera, Azoka arautuko duen ordenantza bat egingo da, alde guztien artean modu parte-hartzailean eraikiko dena.

 

Nabarmentzekoa da, halaber, tokiko kontsumoa sustatzeko bonu batzuk martxan jartzeko lanean ari direla, eta bonu horietako batzuk Azokako postuetarako erabiliko direla, kanpainarekin bat egiten duten establezimenduetan erosketa sustatzeko asmoz.

Egoerak hobera egin duen arren, COVID-19aren arriskuak oraindik kanpoan daude, eta berragertze bat atzeranzko urrats handia izango litzateke; horregatik, norbanakoaren erantzukizuna eskatu behar da, bai merkatariena, bai erosleena. Udaltzaingoak eta Udaleko teknikariek kontrol ekintzak egiten jarraituko dute, "Jokabide txarrak" antzeman eta zuzentzeko.

“Jokabide arazoen” kopurua oso mugatua izan da; horregatik, udalak saltzaileen eta merkatura erosketak egitera hurbiltzen diren pertsonen jarrera ona eskertzen du.