Eduki publikatzailea
Atzealdea

M8: Zumarragako Udaleko Adierazpen Instituzionala

1
Zaintza berdintasunean: Emakumeen egitekoa Pandemian eta zaintzaren Krisi Globalean

2021·03·08


Dimentsio askoko krisi sistemikoan gaude, zeina gurutzatu eta erlazionatu egiten baita aurretik zeuden beste krisi batzuekin; esaterako, ekologikoa eta zaintza-arlokoa. Pandemiak agerian utzi ditu mugimendu feminista eta emakumeen kolektiboak egiten ari ziren zenbait aldarrikapen: giza bizitza zaurgarria da, eta giza ingurunearen, ingurumenaren eta ingurune komunitarioaren zeharo mendekoa. Ezerk ez du garrantzi handiagoa izan behar bizitzaren zaintzak baino, bizitzaren jasangarritasunaren ikuspegitik. Pandemia dela-eta muturreraino prekario bihurtu eta ahuldu dira zaintzak.

Gaur, martxoak 8, Emakumeen nazioarteko egunean, pandemiak eta haren kudeaketak baldintzatutako urte honetan, aintzat hartu beharra dago emakumeek pandemia eta beraren ondorioak borrokatzeko mundu osoan egindako ekarpena. Zaintzaren ardura emakumeei egokitu zaie, bai zerbitzu publikoetan (osasungintza, hezkuntza, gizarte-zerbitzuak, merkataritza eta elikadura…) bai etxeen barruan, eta batez ere haiek eraman dute krisi sanitario eta sozial honetan funtsezkoak izan diren zerbitzu askoren zama. Emakumeen artean ere banaketa desorekatua da, klase sozialaren, arrazializazioaren eta migrazioestatusaren arabera. Gainera, kasurik gehienetan egoera prekarioan egindako lanak dira.

Garai hauetan, emakumeak izan dira protagonista bai osasun-arloan, langile gehienak emakumeak izanik, bai zainketen arloan ere, etxeko lan-karga handiagoa hartuz. Emakumeok funtsezko lanen zati handi bat egiten dugu eta lan horiek, funtsean, prekarioak dira.

Emakume migratzaileak lan prekarizatuenetara eta, aldi berean, funtsezkoenetara baztertuak izaten dira, hala nola, etxeko eta zaintzako lanak. Hori guztia, eskubideak ukatuz, laneko bidegabekeriak jasoz, eta horietako batzuk indarkeria matxista jasanez, horrelakoek ezin dute ikusezin izaten jarraitu eta errotik eten behar dira.

Berdintasunik gabeko banaketa horrek, gainkargaz gain, eta hark emakumeen osasunari eta bizi-kalitateari dakarzkien ondorioez gain, zaintza-sistemaren prekaritatea ere azaleratu du, eta lehendik ere bazeuden desberdintasunak areagotu ditu. Egungo gizarte-ereduak familiaren, eta, neurriz kanpoko proportzioan, emakumeen esku uzten ditu zaintza gehienak, bai ordainpekoak bai ordaingabeak; oso gutxi ematen dira eremu publikoan. Bestalde, egoera eta estatus okerreneko emakumeek (familia monomarental eta monoparentalen ardura duten emakumeak, prekarietate ekonomikoak dauden emakumeak, kolektibo zaurgarrietakoak, indarkeria matxistaren biktimak...) neurri handiagoan jasaten dituzte zaintza-zamaren ondorio negatiboak.

Ondorioz, gizarteak bere aitorpena adierazteko moduak konpromiso irmoa izan behar du, berdintasunik gabeko banaketa bidegabe horri euskarria ematen dioten genero-arrakalak borrokatzeko konpromisoa. Desberdintasun horiek agerikoak dira emakumeek funtsezko zerbitzuetan egiten duten lanaren baldintzen prekaritateari begiratuz gero. Bada garaia zaintza-lan guztiei dagokien balioa emateko, eta aurrera egiteko erantzunkidetasun handiagoko eredu baterantz, pertsona guztientzat ekitate eta ongizate handiagoa sortzeko.

Udalak dira herritarrengandik gertuen dauden instituzioak; lehen lerroan gaude pandemiari eta hark pertsonengan dituen ondorioei aurre egiten, eta liderrak izan behar dugu zaintzari eta haren hornikuntzari buruzko politika publikoak bultzatzeko orduan, erantzunkidetasun publikotik abiatuta, eta arreta emanez gizon eta emakumeen baldintza eta inpaktu desberdinei.

Erakundeok koordinatuta egoten jarraitu behar dugu, eta bideak zabaldu behar ditugu herritarrek, eta bereziki mota askotako emakumeen kolektiboek eta mugimendu feministak, benetan eta modu eraginkorrean parte har dezaten erabaki publikoetan.

Horregatik guztiagatik, Zumarragako Udalak, bere eskumenen esparruaren barruan, honako konpromisoak hartzen ditu:

 Gizartean zaintza antolatzeko ereduari buruzko eztabaida bultzatzea eta eztabaida horretan buru izatea, bizitza erdigunean jartzean oinarritzen den ikuspuntu feminista batetik abiatuta, zaintzaren erantzunkidetasun sozial eta komunitarioranzko bidean.

 Analisia egitea, genero-ikuspuntutik, kolektibo zaurgarrienen egoerari eta beharrizanei buruz, baita COVID-19aren ondorioei buruz ere, eta horiei aurre egiteko premiazko neurriak martxan jartzea.

 COVIDaren krisiaren eragina arintzeko onartzen diren neurri guztietan generoikuspuntua gehitzen dela bermatzea, laguntzez eta babes-programez den bezainbatean.

 Erantzunkidetasunerako baliabideak aztertu eta sustatzea, familien beharretara egokitzeko. Sentsibilitate berezia izanez ama bakarreko familiekin edota talde ahulekin.

 Tokiko zaintza-sare komunitarioei babesa ematea.

 Konponbide bideragarriak aztertzea eta ezartzea adingabekoen eta mendekotasuna dutenen zaintzari laguntzeko tokiko zerbitzuentzat, zaintza baldintza duin eta bidezkoetan egin dadin saiatuz edo/eta erraztuz, bai ematen duenarentzat bai jasotzen duenarentzat ere.

 Udalaren Berdintasun-plangintzan, espresuki azpimarratzea emakumeen ahalduntzea, zaintzaren balioa, eta hari dagokionez gizonek duten erantzunkidetasuna.

 Berdintasuneko tokiko politikak garatzeko eta generoa tokiko politika guztietan zeharlerroa izateko erabiltzen diren giza baliabideak eta baliabide tekniko eta ekonomikoak sendotzea eta babestea.

 Martxoaren 8an bandera feminista jartzea Udaleko balkoian emakumeen borroka abesteko eta konpromisoa erakusteko sinbolo gisa.

 Era berean, M8 aldarrikatzeko egiten diren ekintzak babestea, martxoaren 8an emakumeen elkarteek deitzen dituzten ekintzetan bete beharreko higiene eta osasun neurriak bete ahal izateko beharrezkoak diren baliabide material, pertsonal eta hedapen-baliabideak erraztuz.

1