Eduki publikatzailea
Atzealdea

Ametsetan euskararekin

Joan den urtarrilaren 31a, ostirala, burutu zen Ametsetan proiektuaren azken ekintza Zelai Arizti kultur etxean.

2020·02·03


Go&on enpresa gazteak antolatu eta Urretxu eta Zumarragako udalek babestuta, Urretxu-Zumarragako DBH ikasleak euskararen inguruko hausnarketa burutzen aritu dira bi astez. Proiektu berri honek Ametsetan du izen eta Jon Lete urretxuarra du koordinatzaile.

Helburua gazteek euskararen inguruko hausnarketa egitea da, baina beste gazte batzuren laguntzaz eta eurentzako erakargarriak izan daitezkeen teknika berritzaileak erabiliz. Horretarako, azken bi asteetan gelaz gela joan dira Ametsetan proiektuko kideak: La Salle-Legazpi eta Institututan DBH 1 geletara eta Lizeoan DBH 2ra.

Saio horietatik, ikastetxe bakoitzetik, bost gazte gonbidatu zituzten urtarrilaren 31ko tailerrera. Tailer hori goiz osokoa izan zen 8:30 – 13:00 eta bertan, boskote bakoitzak erronka bati erantzuteko proiektua garatu eta aurkeztu behar zuten. Honako hiru hauek jorratu zituzten: Institutukoek gazteen aisialdian euskararen erabilera handitzeko app-a; La Salleko ikasleek ikasle etorkinen euskararen ikasprozesua laguntzeko “kultur chef” sukaldaritza lehiaketa; eta, Lizeokoek, kirol elkarteetan euskararen erabilera handitzeko lehiaketa.

Gazteen proposamenak arreta handiarekin entzun zituen udaleko euskara teknikariak eta ondoren, Maialen Fidalgo eta Nerea Errasti bi udaletako ordezkariek hainbat sari eman zizkieten.

Orain udalei dagokie proposamen horien bideragarritasuna aztertzea.