Navigation Menu
Erlijio eskultura
Andre Maria Jasokundearen parrokiako erretaula
XVIII. mendeko kaskaroi-erretaula da. Estilo rokokoaren barnean koka dezakegu, nahiz eta geroago gustu neoklasikoarekin bat egin zuten aldaketek erretaularen hasierako itxura aldatu zuten.
Lan arkitektonikoa egiteko, Urretxuko Tomas de Jauregui maisua kontratatu eta berak egindako traza jarraitu zuten. Lan eskultorikoa, berriz, Eibarko Juan Bautista de Mendizabalek egin zuen.
Erretaularen eskema burualde ahurra eta kurboa duen planta batera mugatzen da. Gorputz nagusia hiru kaletan banatzen da, alboetako bi kaleek Santuak egokitzeko horma-hobiak dituzte; besteak, askoz zabalagoa den erdiko kaleak, aldiz, programa ikonagrafikoa azaltzen du. Bertan irudi nagusienak agertzen dira.
Erretaulan hainbat irudi nagusitzen dira: ebanjelistak, euren atributuekin eta musika instrumentuak dituzten lau aingeru. Era berean San Jose, San Joaquin, San Pedro, San Pablo, Neriko San Felipe, Loyolako San Inazio eta tenpluaren patroia den Ama Birjina. Horietaz guztietaz gain gangan dauden Jesus eta Jainkoaren irudiek garrantzi handia dute. Azkenik, artelanaren erremate gisa Espiritu Santua agertzen da.
Ama Birjina dagoen nitxoak Mariaren Igokundea edo Jasokundea azaltzen digu. Horrela, erdiko kaleak zerurako bidea irudikatzen du. Bestalde, erretaulak erakusten duen teatraltasuna eta mugimendua dira aipatu beharrekoak, konposizioan efektu eszenografikoa bilatzen baitute.
Artelan horretan Francisco Sabando arkitektoaren eta Gasteizko urreztatzaile zen Valentin de Arambururen eskutik arte neoklasikoak ere bere presentzia izan zuen. Horren guztiaren adibide XVIII. mendearen azken hamarkadan erretaularen urreztadura eta hainbat elementu barroko kendu izana.
1902. urtean erretaulari gaur egun bertan ikusi dezakegun tabernakulua gehitu zioten.
Kristo Gurutziltzatua
Erretaulatik independentea den mukulu biribileko eskultura da, XIX. mendearen lehenengo urteetan Mauricio Valdivieso eskultoreak egin zuena.
Ikasketa anatomiko perfektua azaltzen du. Izan ere, estiloa Valladolideko eskolako eskulturaren barne sar daiteke, nahiz eta irudia aipatutako eskolako tailak bezain espresiboa ez izan.
El Salvador Parrokiaren Erretaula
Jose Ignacio Cobreros donostiarraren erretaula honek Itun Berriaren altuerliebe batzuk erakusten dizkigu. Jesukristoren irudia ardatz nagusian kokatzen da, Trinitatearen eta bataioaren azpian agertzen delarik. Bestalde besoak irekiak dituela azaltzen da, gizakiak babestu nahian.
Esandako ardatz bertikalaren ezkerraldean eta eskuinaldean Bibliako hainbat pasarte daude; Tentaldia, Lazaroren Berpizkundea, Predikazioa eta Galileako Itsasoko Arrantza besteak beste.
Navigation Menu
- Aurkezpena
- Ibilbideak
- Ostalaritza
- Zelai Arizti Kultur etxea
- Agenda kulturala
- Historia liburuak
- Historia artikuluak
- Datu-base historikoen bilatzaileak
- Artxiboaren dokumentuak
- Dokumentu historikoen transkripzioak
- Antioko ermita
- Erlijio arkitektura
- Erlijio eskultura
- Herri arkitektura
- Herri eskultura
- Errolda-datuak