Navigation Menu

Herri arkitektura

Jauregi Handia

Herrian Legazpi Etxea izenez ezagutzen dugu, Miguel Lopez de Legazpi Filipinar Irlen kolonizatzailea bertan jaio zelako.

La Casa de Legazpi lanak jasotzen duenez, Baldako Jauntxoak eraiki zuen Miguel bera jaio baino mende batzuk lehenago, “bando-gerren sasoian” hain zuzen ere.

Beste argitalpen batzuk diotenez, Casas-Torre y Palacios de Gipuzkoa haien artean, eraikinak lehenengo solairuko altueraraino dorretxeak mozteko Gaztelako Enrike IVak eman zuen aginduaren eragina jasan zuen. Badirudi, Enrike IVak jauntxoei boterea ematen zien elementuak suntsitzeko politika hasi zuela. Politika horrek Errege Katolikoen erregealdiarekin amaiera izan zuen, hauekin jauntxo feudalak gailendu baitziren.

Irizarrek azaltzen duenez, XVI. mendearen bigarren erdialdean etxe honek nobleen bizileku izateari utzi zion, Amador de Arriaran bertan bizi izan eta gero hain justu. Azken honek ate nagusiko armarria jartzea agindu zuen.

Orduz geroztik, baserritarren bizileku izan zen eta itxura ere aldatuz joan zen bertan egiten ziren lan berrietara moldatzearren. Nicolas Soraluzek etxea XIX. mendean salbatu zuen, trenbidea pasatzerakoan botatzekotan izan baitziren. Dena den, XX. mendearen hasieran oso kontserbazio egoera txarrean zegoen.

1945ean, Esteban Orbegozo S.A. enpresak inguru horretarantz hedatu nahi zuelarik, Monumentu Historiko-Artistiko Nazional izendatu zuten. Orduz geroztik, bertan hainbat zaharberritze lan egin zituzten eta 1964an Gipuzkoako Foru Aldundiak Museo Hispaniar-Filipinarra jarri zuen etxe barruan.

Gaur egun, eta XX mendeko laurogeita hamargarren hamarkadaren lehenengo urteetan egindako zaharberritze lan sakonari esker, Zumarragak eskaintzen duen kultur ekitaldi askoren bilgune bihurtu da etxea; are gehiago, Secundino Esnaola Musika Eskolak bertan du bere egoitza.

Eraikuntzak oinplanta angeluzuzena du eta bi isurialdeko teilatuaz estaltzen da. Hegoaldeko murruak, sarrera moduan, dobela handiez osatutako arku zorrotzeko ate bat dauka. Ate horren gainean, baina, Arriaran sendiaren ezkutua dago; bi dragoien buruek banda bat eusten dute, goialdean hegoak zabalik dituen hegazti bat dutelarik. Beheko aldean, aldiz, kordoi batez elkartzen diren bi giltza gurutzatu ageri dira; horren gainean, hegalak irekiak dituzten bi hegazti aurrez aurre.

Lehenengo solairua harlangaitzez egina dago, izkinak harlanduzkoak dira eta atearen ezkerreko aldean saietera bat dago. Solairu honen gaineko aldean adreiluz eta zurez egituratzen diren beste bi pisu daude. Mendebaldeko eta ekialdeko fatxadak, aldiz, harlangaitzez egin zituzten eta goiko aldea adreiluzkoa da. Bukatzeko, iparreko aldean cadahalso baten existentzia frogatzen duten modiloiez osatutako hiru ilera daude.

Udaletxea

Hiru etxe ilarak, errepideak eta inguratzen duen laugarren etxe ilara batek (honexek ematen dio, gainera, zabaltasun ukitua) eratutako espazio karratua. Zumarragako herri arkitekturaren alerik bikainenetakoa da, zalantzarik gabe.

Arkitektoak eginiko berreraikitze proiektuak, batetik, garai historiko bat gordetzen du, fatxada nagusia XIX. mendearen 60ko hamarkadan eraiki zuten bezalaxe mantendu delarik. Bestetik, egungo garaiokin lotzeko ahalegin bat ikusten da nabarmen, udaletxeak duen eginkizunari, administrazio zerbitzuari alegia, funtzionaltasuna eskainiz. Horretarako gelarik garrantzitsuenetako batzuei, esaterako bizitza politikoaren eszenatoki nagusia den Batzar Aretoari, etorkizuneko ukitua eman zaie.

Eraikinak berak oin angeluzuzena du, lau isurialdeko estalkiaz. Behe-atal arkupedun bat ere badu. Ganbara parean, fatxadaren erdi-erdian kokaturik, herriko armarria ageri da. Gainera, bi erantsi berdin ditu alde banatan, 1925-1926an Domingo de Aguirrebengoak eginak. Behe-atal bat ere badu, erdikoaren altuera berdinekoa, arku karpanel handi batez eratua, eta goi-atal bat ere bai, elkarren segidako hiru bao dinteldunez osatua.

Enparantza arkupeduna

“Non ote dago enparantza honen herria?" esan omen zuten soldadu karlista nafarrek gerra zibilean herri hau hartu zutenean.

Enparantza inguratzen duten lau etxe ilaretatik hiru XIX. mendearen bigarren herenekoak dira. Laugarren alboa, ordea, 1954an eraiki zuten enparantza itxiz.

Enparantzaren erdi-erdian, Migel López de Legazpiri eskainitako estatua dago.

Hilerria

Oso arkitektura lan berritzailea euskal lurrean, nitxoak jartzeko toki egokia eratu baitzuten lurrazpiko kripta eraikiz.

Obra hau egiteko ardura izan zuen Jose Antonio Pizarro arkitektoak Egiptoko tenpluetako espazioa, "mugagabeko bidaiarantz", gogorazi nahi izan zituen eta sinboloz inguratu.

"Infinitorantz tentsatutako espazioa, arkuek eta nabarmenduriko habeek handiagoturiko perspektibaz. Ibilbideari bizitasuna ematen dioten lerroez markaturiko lurra eta, batez ere, bi bazter-espazio, guztiaren amaiera behar lukeen tokian zerbait abiatzen dela irudikatuz".

Barnean bi estatua daude: Bizitzaren Aingerua eta Heriotzaren Aingerua, Vicente Larrea eskultorearen lanak biak ere.

Uzkanga etxea (Euskadi enparantza, 2)

Jose Antonio de Alberdi indiano zumarragarrak 1867. urtean eraikitzeko agindu zuen etxe hau. Atze aldeko lorategian sekuoia landatu zuen.

Udaletxe ondoan kokatutakoa, behe-atal arkupeduna du. Oin nagusian lau bao eta balkoi daude. Atzeko fatxadan etxe-egutera bat dago, hirugarren oinaren altueran, mainel batek bereiziriko erdi-puntuko bi arku ditu.

ITARTE Etxea (Euskadi Enparantza, 9)

Lehen aitatutakoaren anaiak, Ignacio María de Alberdik hain justu, -indiano zumarragarra bera ere- urte berean, 1867an, enkargatu zuen eraikitzeko. Eraikin ilara bereko Uzkanga etxearen antzeko ezaugarriez hain zuzen ere: lau isurialdeko teilatua, harlandua kantoietan, eta balkoi ilarak. Orain ez bezala, lehen, Uzkanga etxeak eta Itarte etxeak kapera bana zuten barnean.

AITZABASO Baserria

Areizaga Dorrea izenez ere ezaguna; Aranburu auzoan kokatua. Etxe armarriduna da, elkarri erantsita dauden baina oso altuera desberdinekoak diren bi eraikinez osatua. Altuenak lau isurialdeko teilatua du, eta baxuenak, berriz, bi isurialdekoa. Fatxada nagusiak erdi-puntuko bi arku ditu, atariko sarrera ematen duten bi atez itxita. Fatxada nagusiaren erdian, teilatu-hegalaren azpian, Areizaga noble-familiaren armarri zaharra dago.

GURRUTXAGA GOIKOA Baserria

Etxe armarriduna, Soraitz auzoan kokatua. Oin-plano angeluzuzeneko eraikina da, bi isurialdeko teilatua duena. Fatxada nagusian erdi-puntuko bi arkuz eraturiko arkupetxo bat du, eta honen gainean, erdi-erdian, armarri bat. Baoek harrizko eta zurezko markoa dute eta modu simetrikoan daude kokatuta. Lehen oinean bi balkoi kareldun daude, eta hauen gainean balkoi luze bat.

AIZPURU Baserria

Soraitz eta Aranburu auzoen erdi bidean dago. Oin-plano angeluzuzeneko etxea da, lau isurialdeko teilatua duena. Fatxada nagusian hiru arku karpanel beheratuz osaturiko arkupetxoa du, gaur egun bi arku itxita dauden arren. Arkuetatik pasatuz heltzen gara atarira, eta bertan ate dinteldun bikain bat igaro eta etxe barruan izango gara.

Bi balkoi ditu, harrizko oinarriaz eta burdinazko barandaz eraikiak.