Zumarragako hilobi-monumentuen ibilbidea

Ibilbidean abiatzeko ZUMARRAGAKO ANDRE MARIAREN baselizara igoko gara, Antiora alegia, bai hilerri ondoko bidetik -Beloki Hiribidea-, bai Eitzako auzotik -Antzina Hiribidea-; baselizaren atzeko aldetik gorantz doan hormigoizko pista hartu, eta Beloki mendiaren (641 m) hego mazela igaroko dugu, Sagaspe eta Elorria Azpikoa baserriak pasatu eta gero Elorriagako mendilepora (568 m) helduz. Hemendik eta pistari jarraiki, lehenbizi ezkerreko bidean eta gero, bidegurutzean, eskuinekoa hartuz, txabola batera iritsiko gara.

Pista laga eta ezkerreko bidean gora, malda latz batean, Izazpi eta Samiño mendiak lotzen dituen gailur-lerroaren erdi parera helduko gara, goialdera inondik ere; orain, Izazpira segitzen duen bidea eskuinera laga eta jaitsi egingo gara, muino txiki baten tontorrean lehenbiziko tumulua, ikusgarria bera, topatu arte. "AANTZETAKO GAINA" izeneko honetatik beste pixka bat jaitsiz, ipar-mendebaldera, Pagotxetako mendilepora helduko gara, eta gorantzako pista hartuz lehenik, beste pixka bat jaitsi eta Pagolako txabolan izango gara. Gero, pistan aurrera, "PAGOBAKARRA" tumulura helduko gara (txabolatik oso hurbil baitago). Hurrena gora egitea izango da, eta Samiñoko tontorrera ailegatu aurretik "IRUARRIETA II" trikuharrira iritsiko gara, pistatik ezkerraldera baitago.

 

Gailurrera helduta, eta mendilerroari jarraiki beti, mendebalderantz jaitsiko gara, eta gailurretik hurbil oraindik, Azkoitiko lurretan egon arren dagoeneko, "IRUARRIETA I" eta "IRUARRIETA" trikuharriak topatuko ditugu.

Beherantz segituko dugu, beti gailur-lerroari jarraiki, Oletako mendilepora (756 m) heldu arte; bertan gurutze bat dago, eta Azkoitiko mugan bertan dugu "OLETA" izeneko tumulua.

Aginagako auzora jaitsiko gara, dagoeneko gailur-lerroa eskubira lagata, Oletaren hego mazela zeharkatzen duen pista batean zehar; honetan, bidegurutzearen ondoan basoa hasten delarik, "ELORRIETA" tumulua aurkituko dugu.

Pistatik bertatik segituz Aginagara helduko gara. Han garela, Zumarragako hirigunera itzultzeko toki-errepidea hartuko dugu, Zumarraga-Azkoitia arteko GI-631 errepidera eramango gaitu eta. Hemendik aurrera, bidegorria hartu eta herriraino jarraituko dugu.

 

BILBIDEAREN GUTXI GORABEHERAKO DENBORAK (gelditu gabe)

  • Zumarraga - Andre Mariaren Baseliza: 25 minutu.
  • Andre Mariaren Baseliza - IZAZPIko mendilepoa: 45 minutu.
  • Izazpiko mendilepoa - Pagotxeta: 15 minutu.
  • Pagotxeta - Samiño: 40 minutu.
  • Samiño - Oleta: 25 minutu.
  • Oleta - Aginaga: 30 minutu.
  • Aginaga - Zumarraga: 45 minutu.

Ibilbidearen iraupena, guztira: 3 ordu eta 45 minutu.