Agenda 21 Zumarraga
Zer da Tokiko Agenda 21?
Tokiko Agenda 21 ingurumen ekintza plana da, eta irizpide iraunkorren bidez udalerriko ingurumen-, ekonomia- eta gizarte-politikan eragitea du helburu. Ingurumen eta baliabide naturalen arteko oreka lortu nahi du, eta eragin negatiboak murriztu.
Nazioarte mailan Agenda 21 Nazio Batuen Ekintza Plana da, XXI. mendeko garapen iraunkorra sustatuko duena. 173 gobernuk onartu zuten 1992an Rio de Janeiro egin zen biltzarrean (Lurraren Gailurra), eta horren adierazpide egokiena, bai Europa mailan bai herri mailan, Aalborgeko Gutuna da (Garapen Iraunkorrerantz doazen Europako herrien gutuna). Herri mailan garapen iraunkorra bultzatzea da hitzarmen horren helburua, eta herri administrazioek Tokiko Agenda 21 prestatzeko eta garatzeko konpromisoa hartu zuten.
Zer da garapen iraunkorra?
1987an Munduko Batzordeak ingurumenari eta garapenari buruz NBEri emandako txostenean (Gure etorkizun bateratua izenburua duena eta Bruntland Txostena izenaz ere ezaguna dena) "garapen iraunkorra" kontzeptua landu zuen:
"Etorkizuneko belaunaldiek beren beharrak asetzeko duten gaitasuna arriskuan jarri gabe, gaur egungo beharrak asetzeko gai den garapena da garapen iraunkorra"
Garapen iraunkorrak bizi-kalitate hobea lortu nahi du guztiontzat bai gaur egunerako eta bai etorkizunerako, ingurumenaren eta tokiko ekonomiaren arteko orekari eutsiz. Udalerriek honako ezaugarriak landu behar lituzkete:
- Ingurumena babestea eta errespetatzea. (Ingurumen iraunkorra)
- Ekitate eta justizia soziala. (Gizarte iraunkorra)
- Ekonomia oreka. (Ekonomia iraunkorra)
Zumarragako Agenda 21
2001eko abenduan Zumarragako Udalak Aalborg Gutuna izenpetu zuen, hau da, iraunkortasunerantz doazen Europako herrien gutuna, eta Tokiko Agenda 21ez baliaturik, garapen iraunkorrerako eredua sustatzeko konpromisoa hartu zuen.
Prozesuaren xehetasunak:
I. Ingurumenaren, ekonomiaren eta gizartearen diagnostikoa
Fase honetan, udalerriari buruzko ahalik eta informazio gehien biltzen ahalegindu gara, ahalik eta ikuspegirik zehatzena lortzeko helburuarekin. Bertan ingurumenaren, ekonomiaren eta gizartearen arloko arazoak atzeman eta ebaluatu ditugu, eta ondoren udalerriaren diagnostikoa egin dugu AMIA (ahuleziak, mehatxuak, indarrak eta aukerak) matrizearen bidez.
II. Tokiko ekintza plana
Tokiko Ekintza Plana epe labur, ertain eta luzerako definitutako Udalerriaren Ekintza Programa da, eta udalerria iraunkortasunaren arabera garatzea du helburu. Hau da, behin Zumarragako diagnostikoaren emaitzak ezagututa, etorkizunerako nahi den udalerri iraunkorraren eredua definitzen da.
Ekintza plana helburu eta akzio multzo bat da, eta udalerriko diagnostikoari erantzutea du helburu. Hain zuzen ere, garapen iraunkorrago baterako aurrerapausoak ematea da ekintza planarenhelburu nagusia.
Ekintza planaren egitura, berriz, ildo estrategikoek osatzen dute, erdietsi nahi diren helburu estrategikoen arabera finkatutako ildoek. Ildo estrategiko bakoitzak helburu espezifiko bat du, eta ekintza programa gisa zehazten dira. Azkenik programa horiek ekintza multzo gisa zehazten dira, helburu orokorrak eta espezifikoak kontuan harturik.
Zumarragan bi ekintza plan egin dira dagoeneko. Lehenengoa 2002-2003 epealdiari dagokio eta Urretxuko Udalarekin batera egin zen; bigarrena, berriz, 2005-2007 epealdiari dagokio.
III. Exekuzioa
Tokiko Ekintza Plana osatzen duten lehentasunezko Ekintza Programak ezarri eta garatu behar dira.
IV. Jarraipena eta kontrola
Jarraipena eta kontrola ere egiten da garapen iraunkorrerako ekintza-planaren ezarpen maila eta udalerriaren egoera ebaluatzeko. Plana atzemandako arazoentzat egokia den aztertzeko balio digu horrek, eta Tokiko Agenda 21en garapena hobetzen laguntzen du.
Iraunkortasun Adierazleen Sistemaren bidez egingo da jarraipena. Adierazle horiek Zumarragako Agenda 21en jarraipen egiteko diseinatu dira.
V. Jarraitutasuna
Tokiko Agenda 21 prozesu luzea eta jarraitua da. Udalerri iraunkorrek lortu beharreko helburuak ez dira sinpleak, ezta berehalakoak ere. Izan ere, askotan bizimodua, kontsumo eredua, udal kudeaketa eta abar aldatu beharra dago, eta aldaketa horiek ez dira epe laburrean gertatzen; aitzitik, bilakaera jarraituaren ondorio izaten dira.
Jarraipen prozesuan lortzen diren emaitzen arabera, dagoen ekintza planari eutsi egingo zaio, edota bestela plana berrikusi eta zuzendu egin beharko da.
Eskolako agenda 21
Eskolak beraien Agenda 21 egitera bultzatzen dituen egitaraua da Eskolako Agenda 21, Agenda 21 bera aztertuz eta egoera hobetzeko ekintzak egitera konprometituz. Honako helburuak ditu:
- Eskolako komunitatearen (ikasleak, irakasleak, klaustroak...) partaidetza lortzea Tokiko Agenda 21en helburuak erdiesteko.
- Udalerriko ekitaldietan parte hartzea eta elkar lanean aritzea herri iraunkorra lortzeko.
- Eskoletako ikasleak jabearaztea beraien parte hartzea beharrezkoa dela herriko eta auzoko ingurumena hobetzeko.
Zumarragako Udalak, Urola Garaiko beste udal batzuekin batera, eskolei Eskolako Agenda 21 garatzen laguntzeko konpromisoa hartu du. Laguntza eta koordinazioa eskainiko die, ikastetxeek Eskolako Agenda 21 garatu eta tokiko ingurumen-hezkuntzari buruzko ekintza didaktikoak antola ditzaten.
Horretaz gain, ingurumen-hezkuntza zerbitzua eskaintzen duen kanpoko enpresa baten eta IIHIIren (Ingurumenarekiko Irakasbideen Hezkuntza eta Ikerketarako Ikastegia) laguntza jasotzen du Eskolako Agenda 21ek Urola Garaian.
2004-2005 ikasturtean uraren gaia landu zuten, eta 2005-2006 ikasturtean energiaren gaia landu eta uraren gaiari jarraipena emango diote.