Argixao industrialdeko esperientzia aitzindaria
Zumarragako industrialdeak, Argixaok, gutxi gorabehera 4 urte daramatza ingurumena hobetzearen eta ekoizpen garbiaren alde lanean. 2002ko uztailean lankidetza-hitzarmena sinatu zuten Ihobek, Uggasak (Urola Garaiko Garapen Agentzia), Ugisak (Industrialdea) eta Zumarragako Udalak, ingurumenaren hobekuntza eta ekoizpen garbia sustatzeko akzio plana garatzeko helburuarekin. Ekintza hori guztiz aitzindaria da Euskadi mailan.
Ingurumenari buruzko ekintzak Argixaon
Industrialdeko enpresa guztiei ingurumenaren gaineko kontuetan laguntza eskaintzea jasotzen da 2002-2005eko ekintza planean. Horretarako Ihobek ingurumenaren gaineko prestakuntza eman zuen, eskualdeko lantegien bitartez ingurumen legedia landuz, hondakinei buruzko gida eta posterrak banatuz, eta, Ekoscanen eta Legescanen eskaintzen bitartez (% 100 finantzatuta). Era berean, zenbait ekintza ere gauzatu ziren hondakin arriskutsuekin zein ez arriskutsuekin.
2006ko ekintza planean ere badaude prestakuntza ekintzak eta hondakinekin zerikusia duten ekintzak. Bestalde, ingurumenaren arloko enpresa ekimenik onenaren saria sortuko da.
Emaitzak
2002tik hona 30 enpresak parte hartu dute proiektuan, eta denek jaso dute ingurumenari buruzko oinarri bat. Horien artetik 18 enpresa legedi lantegietan egon dira, batek ISO 14001 jarri du martxan, beste 3 ingurumen kudeaketa sistemaren bat ezartzeko fasean daude, 5 enpresak Ekoscana gauzatu dute agiria lortzeko helburuarekin eta 10 enpresa Legescana egiten ari dira edo egitekotan dira.
Ekintza horietan parte-hartzea borondatezkoa da, hau da, enpresak ez daude parte hartzera behartuta, eta lortutako emaitzak ikusita, esan dezakegu Argixaoko industrialdean dauden enpresak ingurumen arloan ezagutza maila kaskarra izatetik maila polita izatera pasatu direla.