Sentiberatzea
Herritarren Sentiberatzea, komnunikazioa eta partaidetza
Zumarragako Udalak ingurumenari buruzko gaien zabalkundea egiteko, eta herritarrak sentiberatzeko konpromisoa hartu du. Horretarako, Urola Garaiko beste udalekin eta Uggasarekin batera, zenbait ekintza bultzatzen ditu urtean zehar.
Aste Berdea
Aste Berdea urtero antolatzen da Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailak IHOBEren (Ingurumenaren Kudeaketarako Sozietate Publikoa) bitartez sustatuta. Foro horrek ingurumenari lotutako iritzi, ezagutza eta esperientziak elkartrukatzeko aukera ematen du.
2006. urtean, besteak beste, KONTSUMO ARDURATSUari buruzko kanpaina egingo da. Informazio-liburuxken, kale-hezitzaileen eta abarren bidez Urola Garaiko biztanleak informatu, aholkatu eta hezi egin nahi dira aurrerantzean kontsumo arduratsuago bat egin dezaten, hau da, kontsumo etikoagoa, sozial edo solidarioagoa eta ekologikoagoa egin dezaten.
Argazki lehiaketa
Azken urteotan egin den antzera, aurten ere eskualdeko argazki lehiaketa izango da. Lehiaketaren gaia ENERGIA izango da, Eskolako Agenda 21en barruan ere lantzen ari diren gaia, eta horren inguruko argazkiak egin beharko dira.
6 argazkirik onenak sarituko dira, eta antolatzaileek erabakitzen duten lekuan jarriko dira erakusgai. Bestalde, Urola Garaiko Agenda 21eko spotean ere sartuko dira argazkiak, eta spot hori eskualdeko telebistan emango da. Era berean, argazkiak udaleko web orrietan ikusteko aukera izango da.
Garraio Zerbitzuen Eguna: bizikleta eta trena
Ezinbestekoa da autoa erabiltzeari utzi eta, bizikleta eta garraio publikoa (kasu honetan trena) erabiltzen hastea, eta, horretarako, garraiobideak lotuko dituen azpiegitura eraiki behar da. Eremu horrek bezeroaren beharrei erantzun beharko die, eta hein berean, garraio zerbitzuak ahalik eta modurik eraginkorrenean eta errentagarrienean erabiltzeko aukera eskaini beharko du.
Hori guztia dela eta, Garraio Zerbitzuen Eguna (Bizikleta eta Trena) sortu da Urola Garaiko eskualdean. Eguneroko garraiorako bizikleta erabiltzea sustatu nahi da, garraio publikoarekin modu eraginkorrean uztartuz.
Gizartea garraio modu horretaz jabearaztea eta ingurumen hezkuntza ematea da helburua, hau da, motorrik gabeko garraiobideak erabiltzearen onurak ezagutaraztea eta mugikortasun iraunkorrago bat sustatzea.
Zuhaitz Eguna
Zuhaitz Eguna urtero egiten da, eta horren bidez, naturarekiko errespetua izaten erakusten zaie haurrei. Udalerriko eremu bat aukeratzen da, nahiko utzita dagoena edota indartu nahi dena, eta gazteek, adituen laguntzaz baliaturik, zuhaitzak landatzen dituzte.
Bestalde, oso saio egokia izaten da basoek duten garrantzia nabarmentzeko. Izan ere, basoek eragin handia dute zenbait prozesutan, hala nola, CO2 kontrolatzeko, biodibertsitatea kontserbatzeko, lurzoruaren higadura kontrolatzeko, airearen eta uraren kalitatea zaintzeko...
Aurten Zuhaitz Eguna martxoaren lauan egin zen Ipar-Haizearen eta Ospitalearen inguruko lorategietan. Herriko ikastetxeetako 40 ikaslek parte hartu zuten, eta Zumarragako Udaleko kideak ere bertaratu ziren.
Urola ibaia garbitzea
Zumarragako herritarrek Urola ibaia garbitzen parte hartzea da helburua, biztanleria ingurumena zaintzearen garrantziaz jabe dadin. Denen laguntzarekin arazoak ikertu eta ibaiaren kutsadura murrizteko konponbideak proposatuko dituzte, horrek herritarren bizi-baldintzak eta bizi-kalitatea hobetzen lagunduko duelarik.
Mugikortasunaren Astea
Mugikortasun iraunkorraren gaineko sentiberatze kanpaina da, eta ohiturak aldaraztea du helburu. Ekimen hau Autorik Gabeko Egunaren aurretik egin nahi da, eta informazioaren eta sentiberatzearen bitartez, herriko bizi kalitatea hobetzera bultza nahi ditu herritarrak. Zenbat eta auto gutxiago ibili, orduan eta onuragarriagoa izango da guztiontzat eta hori erakutsi nahi izango zaie herritarrei.
Urola Garaiko eskualdean ondorengo ekitaldiak egitea aurreikusi da 2006. urterako:
Bizikleta ibilaldia
Iazko partaidetza handia ikusita, aurten ere, bigarren urtez jarraian, bizikleta ibilaldia egingo da, ekintza iraunkor gisa finkatuz. Herriko kaleetan barrena ibiliko dira, eta herrian bizikleta gehiago erabiltzea aldarrikatuko dute.
Eskualdeko mugkortasun plana
Mugikortasun iraunkorraren inguruko plan bat ari da gauzatzen, eta, behin bukatu ondoren, horren berri jakinaraziko zaie herritarrei erakusketa eta jardunaldi baten bidez.