Alkatearen agurra

Zumarragako herria bidegurutze bat da, Euskal Herriaren baitan kokatua. Historian zehar herriak izan dituen komunikabideek, bai errepideak bai trenbideak, pribilegiozko gune bihurtu dute bertara heltzeko aukerei dagokienez. Hemendik gutxira, garapen iraunkorraren mesedetan, Garraio-Zerbitzuetako Geltokiaren proiektua garatuko dugu.

Zumarragak abegitsu hartzen ditu kanpotarrak, arkitektura eta eskultura bihurtzen baita orografia, eta herritarren adeitasunak inguruok blaitzen ditu, askotariko jendea biltzen duen herria izaki; bertan bat egiten dute ohiturarik zaharrenak mantentzeko grinak eta kanpotik datorrenari ateak zabal-zabal eskaini nahiak, eta horrelaxe itxuratu da Zumarragaren izaera.

Gure herriari buruzko lehenbiziko datuak XIV. mendekoak dira, Andre Mariaren eliza, Antio, herriko eliza nagusia zen garaikoak, alegia. Gaur egun "Baselizen Katedrala" deitzen diote Zumarragako Andre Mariari, euskal erromanikoaren arkitektura lan ikusgarria baita, erromanikoaren eta gotikoaren arteko jauziaren tarteko elementu zenbaitez osatua bera; harria eta zura elkartzen dira, maisuki elkartu ere, eta kanpotarren eta zumarragarron derrigorrezko bisita bihurtu zaigu dagoeneko. Uztailaren 2an, urtero, eszenatoki paregabe hau herriko ohiturarik sentituenaren eta sustraituenaren gune bihurtzen da, Zumarragako dantzariek Ama Birjinari ezpata-dantza berezia eskaintzen diotenean eliza barruan. XXI. mendeko beharretara egokitzeko asmoz, elizaren inguruan interpretazio zentro bat egiteko proiektua aztertzen ari gara une honetan, are erakargarriagoa izan dadin herritarrek Gipuzkoako 2. tokirik ederrena aukeratu duten eliza bisitatzera datozenentzat.

Era berean, Zumarragari buruzko sarrera bat egitean Migel Lopez Legazpi aipatu beharra dago, herritarrik ospetsuena baita bera. Filipinak kolonizatu zituenaren estatuak zaintzen du herriko plaza nagusia, eta hura jaio zen dorretxea azpiegitura bikaina da gaur egun, hainbat kultur ekintza bertan garatzen da eta.

Aspaldiko ohituren oinordeko gisa, Zumarraga Madril-Irun lineako trenari esker hazi zen XIX. mendearen erdialdeaz geroztik. Beste bi trenbide ere baziren, Vascongados deitua eta Urolako trenarena, desagertuak biak gaur egun, eta guztien artean eragin zuten lehenbiziko industria modernoek herria kokaleku hartzea. Hala ere, herriaren benetako hazkundea "Esteban Orbegozo" lantegiarekin etorri zen, XX. mendean sartuta ordurako. Siderometalurgiak astindu zuen goitik behera herria, Espainiako beste inguru askotako etorkinak heldu baitziren. Zumarragan eta inguruetan biltzen da, gaur egun, estatu osoko altzairu produkzioaren gunerik nagusienetako bat. Hazteko bultzada eman zion Zumarragari altzairuak, herri askotarikoa eta zabala bihurtuz.

Eskertzen dizuet Zumarragari eta Udalari bisita birtuala egitea, eta web orria interesgarria eta baliagarria izango zaizuela espero dut, baina era berean Zumarragara bertara etortzeko gonbita egin nahi dizuet, bertatik bertara ezagut dezazuen eskualde mailan arlo askotan erreferente den udalerria.

Ongi etorri guztiak Zumarragara, beso-zabalik hartuko zaituztegu!
Nirekin harremanetan jartzeko, Facebook edo posta elektronikoz egin dezake.

Mikel Serrano, Zumarragako alkatea