Biztanleria
Populazioaren lehendabiziko finkapengunea mendian aurkitzen dugu, bailaratik urrun. Zoraitzeko (gaurko Andra Mari, "Antioko"ren baselizaren inguruan), eta Aranburu - Elgarrestako baserri auzoetan hain zuzen. Horren probarik adierazgarriena lehenengo tenplu parrokiala hortxe eraiki zutela dugu.
XV. mendearen azkeneko urteetan eta XVI. mendearen hasieran jendea bailarara jaisten hasi zen, mendiko lurrek ez baitzuten behar zuten adina ematen. Eitzaga auzoa eratzen hasi zen. Mende horren erdialdean dagoeneko bazen jendea Zufiaurre inguruan.
Bailaran jendea egoteak biztanleek tenplu parrokial bat bertan eraikitzea eskatu eta lor zezatela eragin zuen. Eraikitze horren lanak 1576. urtean hasi ziren. Aurreko tenplu parrokiala baseliza gisa geratu zen.
Aldaketa aipagarririk gabe mantendu zen biztanleria denbora luzean, 2.000 biztanle inguruz, baina 50eko hamarkadaren eta 60koaren hasieran udalerriaren industri garapen handiak inmigrazio bizia eragin zuen; 1977an 12.619ko biztanle kopurua zen herrian.
Baina urte horretatik aurrera, petrolioaren krisialdiak eta, oro har, industriarenak eraginda, joera alderanztu egin zen, eta biztanleriak pixkanaka-pixkanaka beherantz egin du, berezko hazkundea ez baita gertatzen ari den emigrazioa berdintzeko gai izan.
Egungo biztanle kopurua 9.585koa da, honako famili osaketaz:
- Familiak: 3.332
- Senide kopurua batez beste: 3,1
|
---|
Urtea | Biztanleria |
---|---|
31-12-1901 | 2.000 |
31-12-1911 | 2.043 |
31-12-1921 | 2.064 |
31-12-1931 | 2.418 |
31-12-1941 | 3.237 |
31-12-1951 | 3.598 |
31-12-1961 | 7.151 |
31-12-1971 | 12.215 |
01-03-1981 | 11.798 |
31-12-1991 | 11.020 |
31-12-1992 | 10.966 |
31-12-1993 | 10.835 |
31-12-1994 | 10.737 |
01-05-1996 | 10.324 |