Historia
Mende honen hasieran Zumarragako ekonomia, funtsean, baserriaren inguruan mugitzen zen, nekazaritza eta abelazkuntza baitzituen iturri herria bera sortu zenez geroztik. Baina joan zen mendean zehar bi trenbide heldu ziren herrira, eta beste bat mende honetan bertan, industri alorrak gero eta garrantzi handiagoa bereganatzea eraginez; honekin batera, zerbitzuen alorrak ere gora egin behar inondik ere.
Joan zen mendearen amaiera aldean, 1885ean hain zuzen, hasi zen zume eta ihiaren lanketaren gorakada, Justo Artizen lantegia sortu zenean. Gero beste batzuk etorri ziren, Buscatarrena, Legorburutarrena, Jakatarrena eta Garindarrena. Otargintzan aritzen ziren lantegi txikiak ere asko ziren, nagusiki zumez eta gaztain-azalaz eginiko lur-otarrak egitera emanak. Eta langintza honek zuen garrantziaren lekuko garbia dugu Piedad kalea bera, ezen herriko jendeak "otargileen aldapa" deitu izan dio beti. Jarduera honen unerik onenak 30eko hamarkadara arte heldu ziren.
1936-39ko Gerra Zibilaren ondotik, berriz, Zumarraga bete-betean sartu zen industri munduan, "Esteban Orbegozo" lantegi instalatu berriak, siderometalurgian aritzen zenak, herritar asko eta asko lantegian aritzea eragin baitzuen, ordurarte txikia genuen herria handi bihurtuz gainera espainiar estatuko beste lurralde batzuetatik saldoka iritsitako etorkinez; eta biztanle kopuruak nabarmen egin zuen gora.
Lantegi garrantzitsu honen ondoan beste batzuk ere jarri ziren, edota aurretik zeudenak handiagotu, esaterako "Badiola Hermanos" eta "Rojo y Zaldua", besteak beste. Prozesuaren azkeneko emaitza industrian buru-belarri sartutako herria izango zen.
Zerbitzuen alorrak, bere aldetik, gorantz egin zuen 50eko hamarkadaz geroztik aipatutako etorkin multzoei esker, eta gaur egun zera esan dezakegu, Zumarragaren ekonomia nahikoa orekatuta dagoela produkzio iturriei dagokienean, zerbitzuen alorrak berak ere toki garrantzitsua bereganatu baitu multzo osoan.