Kokalekua

Zumarragako herria Urola ibaiaren arroaren goiko aldean kokatuta dago. Ibai hori dugu Gipuzkoako lurraldea berezko eskualdetan banatzen dutenetako bat. Herritik bertatik kostaldera 39 km dira, eta Antzuola, Azkoitia, Azpeitia, Ezkio-Itsaso, Gabiria, Legazpi eta Urretxu ditu mugakide.

Datu zehatzik ez den arren, klimaz hitz egitean epel-hezea dela esan dezakegu, ozeanikoaren aldaera mendebaldarra berau. Ipar eta iparmendebaldeko haizeak dira nagusi, eta euri oparoak izatea dute ondorio behinen.

Zumarragak 18,23 km2-ko azalera du, eta herrigunea itsasoaren mailarekiko 356,9 m-ko garaieran dago, batez beste.

Herria bera ibarrean dago, eta Argixao, Beloki, Irumugarrieta, Izazpi eta Oleta mendiek inguratzen dute.

Sarbideak

Herrira heltzeko trenbidea aukeratu dezakegu (RENFE, Madril-Irun linea), edota errepidea bestela, aukera handiz gainera: GI-632 errepidea, Beasain-Durango, N-Iekiko lotuneaz eta Goi Ordoki edo Mesetarako irteeraz; GI-2630 errepidea, Oñatirekiko lotura eskaintzen duena; GI-627 errepidea, Gasteizkoa; eta GI-631 errepidea, A-8rekiko lotura eta gipuzkoar kostaldearekikoa ere eskaintzen duena, Urola ibaiaren harana zeharkatuz, eta bide batez ibilbide polita eskainiz Gipuzkoa osoa ezagutzeko, Hiru Tenpluen Ibilbidea eginez hain zuzen. Izan ere, Ibilbide horrek eskaintza paregabea egiten digu berez izugarri ederrak diren inguruak eta gure kultur ondarearen hiru arte estilo bereizi gozatzeko, hiru monumentu handiren bidez: San Inazio Loiolakoaren Santutegia, Azpeitian, Zumarragako Andre Mariaren Eliza, Antiokoa ere deitua, eta Arantzazuko Andre Mariaren Santutegia, Oñatin.

Herritik hiri nagusietara errepidez joateko tarteak, kilometrotan:
Hiria Tartea kilometrotan
Donostia 53 km.
Bilbo 74 km.
Vitoria-Gasteiz 51 km.
Pamplona-Iruña 81 km.
Baiona 99 km.
Madril 410 km.

Gertuko aireportuak:

  • Foronda-Vitoria-Gasteiz
  • Hondarribia-Donostia-San Sebastián
  • Loiu-Bilbao